2010-12-30

Kafeko Tomax

Iragarki batek dio Euskal Herrian euriari xirimiri deitzen zaiola, eta irabazleari txapeldun, baina Alegin Kafeari Letamendia deitzen zaio. Gure kuadrillan sakratua da Eguberri Egunez eguerdian egiten dugun poteoa igandetako erropak jantzita, eta Kafea izaten da abiapuntu. Iaz dozenerdi kriantzatik gora edanda joan nintzen bazkaritara, gurdia majo kargatuta.

Hemen ez nuen poteorik egin Eguberri Egunean, eta faltan bota nuen. Bero egin zuen, bero sargoria. Baina bestela ez nuen ezberdintasun handirik topatu ia Amazonian egonagatik; iparrak kutxatutako Eguberriak dira hemengoak. Santa Claus eskuan Coca-Cola botila bat duela ageri da, lehen zuri-berdea zen Santa Claus bera Coca-Colak erosi arte, eta jaiotzetan elurra ipintzen dute berrogei gradutan egon arren.

Gabon Gauean ez nuen Nacho de Felipe ikusi djembea joz, burua gora eta behera mugituz. Buffet bat topatu nuen zabalik eta han afaldu nuen, sinple eta ligero. Nire buruari Olentzero joan zaigu...INTENTZIOAREKIN... kantatu eta ohera joan nintzen. 

Bihar ezingo dut presoak etxeratzearen alde herrian egiten den manifara joan, eta aurten lehen aldiz antolatu duten San Silvestretako krossean korri egin arreba, koinatu eta ilobekin. Ez dut kuadrillarekin poteatuko, eta ez ditut herriko tabernetako pintxoak jango, debalde ematen dituzten urteko egun bakarrean. Ez dakit mahatsik jango dudan. Badakidana da ez nituzkeela jango, baina gogoratuko naiz anaia nola hasten den pailazoarena egiten eta ama nola bigarren mahatserako barrez hasi eta ia itotzen den. Eta Urte Berri egunean ez ditut eski saltoak ikusiko Televisión Españolan, lo egin ezinean. 

Hemengo jendea, Santa Cruzekoa, Boliviako behe-lurretakoa, ez dakit Urte Zaharra ospatzeko umorez dagoen ere. Gaur greba egon da gasolinaren prezioa bikoiztu dutelako. Manifetan ohiu gogorrak entzun dira Evoren aurka eta haserre dago oso jendea. Nik manifaren zati bat beraiekin egin dut, eta "Presoak Etxera!" ohiutxo batzuk egin ere bai; hor nengoela sentitu dut momentu batez.   

2010-12-26

Semaforo gorria

Bi txanponek soinua atera dute sonbreroaren barruan, haize bolada batean. Gizonezko batek zigarro-muturra lurrera bota eta eskuineko eskua patrikan sartu du, baina ez du txanponik bota. Beste eskuan zorro bat du; zorroaren barruan kaxa bat, oparitarako paperean bilduta.

Gitarrajoleak kalea gurutzatzen ari den txakurrari begiratu dio. Zikin daude kaleak argi-apaingarrien azpian. Haizeak ekarrita plastikozko poltsa bat katigatu zaio ezkerreko hankan; txakurrak bezala hanka mugitu eta poltsak bere bidea jarraitu du haizetan. Gitarrak zintzilik ditu bi soka. Geratzen zaizkion lauekin don`t let me down izan nahi lukeen kanta jotzeari ekin dio.


Jendea gora eta behera dabil kalean, presaka. Bero dago. Plastikozko elurrezko panpinak urtzen ari dira eguzki galdatan. Maiteminduak kafetegietan daude, elkarri heldutako eskuak mahai gainean dituztela. Mozkorrek kartoietik edaten dute ardoa parkean. Hankutsik dauden hiru ume zerbeza lata huts bati ari dira ostikoka, baloia bailitzan.

Gitarrajoleak geratu egin behar izan du kanta erdian. Bera dagoen koxkako ile-apaindegia ixten ari dira; berak ere hobe zukeela barbero izan, horixe pasa zaio burutik. Bolivian kalborik ez dagoelako.

Semaforo gorrian kotxe bat geraturik dago. Bentanillatik zigarro baten kea doa zerurantza. Neska ile-motz bat ari da zebra-bidea gurutzatzen. Bentanillara hurbildu eta muxu eman dio ezpainetan. Ezagutzen dute elkar. Neskak bere mutilarekin afalduko du gaur, baina kotxekoari joko dio larrua bihar.

Gitarrajoleak jaso du gitarra, eta pauso astiroz badoa. Gabon gaua da Santa Cruzen.

2010-12-22

Faltan (4 hilabete ondoren)

- Familia eta iloba txikiak. Iloba txikiak noski familia direla, baina haiek bereziki.
- Faltzes. Alla ostias, biba San Fermin!
- Gai-jartzaileen bilera-bazkariak.
- Gaupasa bat Gurrurekin. Beste bat Gutirekin. Beste bat biekin batera.
- Egoitz Aizpuru eta arraia parrillan, Getariko sozidadean bada hobe. Zorionak Auxkin!
- Davidoff bat Ixkiñan. Zeinek esan Ixkiñako kafea faltan botako nuenik... 
- Ez punta eta ez ipurdi, ostiral batean Ixkiñan mozkortzea Xabalarekin (bere burua proban jarri zuen hura).
- Resaka kolektibo bat Ixkiñan.
- Baleeeeee, azkenean jarri egingo dut: Ixkiña.
- Usarrako larrosak, sei hilabete ondoren.
- Tontokaleko ataskoak.
- Pipak.


- Barrioko piñua. Goian bego. Non jarri ote dituzte aurten Gabonetako argiak?
- Manillares Iturriaga. Pakean Utzi Arte!
- Ruperren kontzertu bat Bilboko Kafe Antzokian. Don´t let me down, Usarra.
- Ostiraletako Fredi Paiaren zutabeak Berrian.
- Ostegunetako kuadrillako afariak sozidadean.
- Felix Irazustabarrenarekin zerbeza bat hartzea sozidadean, edo ze ostia!, poteo profesional bat egitea.
- Mikel Artola gonbidatzea nire etxera bazkaltzera, bere amak egindako patata tortilla jateko.
- Amaren tupper-ak.
- Sosa Fabrikako usaia.
- Gari Bernarasen terrazan afaltzea.
- Pelikula bat ikustea nere etxeko salan, neuk egindako pizza afalduz.
- Uzturre.
- Ilunabar bat Altzon.
- Ilargi betea Altzon. Don´t let me down, Usarra.



2010-12-17

Ezberdin bizi

"Saiatzera bazoaz, zoaz azkeneraino.
Bestela, ez zaitez hasi ere egin.
Agian bikoteak, emazteak, familia, lana edo burua galtzea suposatuko du.
Agian hiru edo lau egunetan ez jatea.
Agian parke bateko bankuan izoztuta geratzea.
Agian kartzela. 
Agian umiliazioa.
Agian mesprezua suposatuko du, isolamendua. 

Isolamendua da saria. 
Gainontzeko guztia zure erresistentzia probatzeko izango da,
zure benetako gogoa ikusteko. 
Eta egingo duzu, gaitzespen eta aukera urrien gainetik.
Eta imajina dezakezun edozer baino hobea izango da. 
Saiatzera bazoaz, zoaz azkeneraino. 
Ez da antzeko sentsaziorik existitzen.
Jainkoekin bakarrik egongo zara, eta gauak sutan kiskaliko dira.
Bizitza barre perfekturantz gobernatuko duzu.
Merezi duen borroka bakarra da."

Charles Bukowski

Bidaiatzeak zerbait ona badu, ezberdin bizi den jende asko ezagutzea da. Edo ezberdin bizi daitekeela erakusten duen jende asko ezagutzea. 

Bizitzaren zati handi bat gustoko ez duguna egiten ematen dugu. Gustoko ez dugun lanera joaten, gustoko ez dugun jendearekin bilera amaigabeetan egoten, gustoko ez dugun hezkuntza sistema serbitzen... Nik inor ez dut ezagutzen bokazioz tornero denik. Bokazioz torero denik bai; bizitzaren torero. Eta igande iluntzero kexatu egiten gara astelehenean lanera joan behar dugulako, baina inoiz ez dugu ezertxo ere egin hori aldatzeko.

Klabe nagusia gutxirekin bizitzen ikastea izan daiteke. Beldurra ematen digu errutina uzteak; beldur handia. Luxuan bizitzen ohituta baikaude: gure autoekin, gure markako erropekin, gure afari potoloekin... Gizartearen makinaria erraldoiak martxan jarrai dezan. Iragarkiei kasu egiteari uzten diogunean aldatuko dira agian gure bizimoduak eta manerak, eta baita kapitalismoaren dinamika ere. 

Pachamamaren, Ama Lurraren seme-alabek ez dakite iragarkiak zer diren ere.

2010-12-13

Zigarroa Aconcaguan II

Nire kuadrillako nor ote da asteburu hontan nire burua proban jarri behar diat esaldi antologikoa esan zuena?

Asmatzen duen lehenengoari zerbeza bat horra itzultzen naizenean.

p.d. Noizbait itzultzen banaiz.

2010-12-10

Lotsa Potosin

Aurrean duzu Potosi. Ordena handirik gabe eraikitako etxe multzo handia. Munduan altuen dagoen hiria, 4070 metrotan.

Haizea hotz dabil Cerro Ricon. Dauzkazun jertse guztiak soinean eramanda ere hotz. Are hotz handiagoa eragin dizu mendi honen erraietan 8 milioi indijena eta esklabu hil direla jakiteak.










Orain 400 bat urte mendia nolakoa izango zen imajinatu nahian zabiltza. Zilarra egongo zen bazter guztietan, eta espainiarrek zilarraren dizdira guztia nahi. Egun, bestelako metalen bila galtzen dute bizia boliviarrek, mendiari sekula itxiko ez zaizkion zaurietan barna. "La mina del diablo" dokumentalean agertzen diren zauri ber-berak.

Badakizu Potosi orduan Amerika Latinako hiririk aberatsena zela. Nonbait irakurri duzu 1658.urtean, Corpus Christi ospakizunetarako kaleak zilarrez eraiki zituztela espainiar konkistatzaileek. Hotzaz haraindi, lotsa eragin dizu guzti horrek, gizatediaren parte izateaz lotsa.


Beste eztanda bat entzun duzu mendiaren erraietan. Cerro Ricok hiriari izena ematen jarraitzen du, Potojsik eztanda, trumoia, esan nahi baitu quechuaz. Azken begiratu bat eman mendiari eta "Bar Chatarrara" abiatu zara, kafeak eta keak ezinegona goxatuko dizutelakoan.  

2010-12-06

Zigarroa Aconcaguan

Ostiral batean, askotan bezala poteoan genbintzala, kuadrillako batek parrandaren historian urrezko hizkiekin idatzita geratu den esaldia bota zuen: "- Asteburu hontan nire burua proban jarri behar diat." Esandakoa bete eta zurrutean igaro zuen asteburu osoa.

 

Nik ere proban ipini dut nire burua lau egunetan. Ez ez ez ez ez, ez gaizki ulertu; resaka batekin nahikoa izan nuen. Kontua da tour bat egin dugula Bolivian. Zenbait lekutara iritxi nahi baduzu ez zaizu beste modurik geratzen, eta artaldeak egiten duena egin behar duzu: belarra jan eta kaka egin. Kaka egiteko modu ezberdinak badaude: kotxean iritxi, argazkia egin eta ospa!, beste argazki bat gehiago izango duzu lagunei erakusteko eta blog-ean jartzeko; edo saia zaitezke bertakoak ezagutu eta hitz egiten: quechuaz eta aimaraz kaixo eta agur esaten ikas dezakezu, nola antolatuta dagoen hezkuntza sistema, zigarroak elkartrukatu, Evori buruz diotena entzun adi... Gehiengoak lehenengo paperarekin garbitzen du ipurdia. Gutxienez konstituzioa erabiliko balute horretarako...

Horrek ez du esan nahi bisitatu ditugun lekuak ikaragarriak ez direnik. 4000-5000 metrotan egin dugu lo; sumendiak, lakuak, desertuak, denetarik igaro dugu eta munduko salarrik handiena ere ezagutu dugu: Uyuniko Salarra. Agian 5000 metrotan egonda zer sentitzen den galdetuko duzue...

Orain urteak, Aconcaguara etorri ziren alegitar batzuk. Mal de alturak jota, ezin izan zuten gailurra lortu; mendirako asmorik gabe, sukaldari bezala etorri zena soilik igo zen Aconcaguara. Alegira bueltan, askotan bezala poteoan zebiltzala, gailurrean zer sentitu eta zer egin zuen galdetu zioten. "- Zer egingo nian ba, zigarroa erre!" Nik ere horixe egin nuen, zigarroa erre.     

2010-12-01

Manolito

Mani eskukada bat eskeini genion haur bati Humahuaca-ko bus geltokian geundela, Bolibiarako busaren zain; nola izena zuen galdetuta, "- Manolito!" erantzun zigun harrotasun handiz, kakahueteari azala kentzen zion bitartean. Trukean muxu bana eta bera baina handiagoko txupa-txusaren txupada eman zizkigun. Amistate handi baten hasiera izan zen; ez da egunero urte t´erdiko adiskide batekin bus geltokian jolasteko aukerarik izaten.


Manolitori ez nion kontatu berarekin jolasean ari nintzen bitartean nire ilobekin ere aritu nintzela. Begiak zituen marrubizkoak Manolitok, ez txupa-txusa.

Manolitok ez du jakingo bere izen bera duen lagun-min bat ere badudala. Mololo dauka ezizena, zerbeza batzuk edanda bagaude Manolo deitzen diogu baina Imanol dauka ponteko graziya. Garrantzitsuena: marrubizko begirada duela munduari so egiterakoan. 

Geltokian geratu zen Manolito, eta gu Bolibiara etorri ginen eskuarekin agur-agur egiten geniola. Tupizara. Ospitale ona duen herri zoragarria. Nik Pio XII.a, Pio Baroja eta hontzaren txisteko PIO-PIO-PIO ezagunak nituen, baina ez piodermitisa. Eskuineko hatz lodian infekzioa hasi eta azalean zehar hedatu zait. Esaten nion nik hatz lodiari ipuinean hainbeste ez jateko baina kia!, kasurik ez. Jarri didate tratamentua eta hasi zait sendatzen. Topa Bolibiako medikuen alde!