2011-01-31

Kamaleoia

Bertsoa ez da bereziki faltan bota dudan zerbait hemen daramatzadan bost hilabete hauetan. Irlandan bizi nintzenean, esaterako, bertso asko idazten nuen, bertsoak irakurri eta entzun bata bestearen atzetik, nire buruarekin bertsotan aritu... Ahal dudanean saiatzen naiz Hitzetik Hortzera ikusten internet bidez, Buenos Airesen egin genuen bertso-afari bat eta adiskideek kontatzen didate txutxumutxuren bat edo beste. Hori da guztia

Hau azalduta, natorren harira. Larunbatean ospatu zen Donostian Bertso Eguna, urteroko moduan. "Kamaleoia", hala zuen izena aurtengoak. Kamaleonikoa baita bertsolaria, bidaiaria kamaleonikoa den moduan. Eta bertan gai-jartzen, adiskideetan adiskide, Egoitz Aizpuru. Ez dut gezurrik esango: inbiria pasa nuen, han ez egotearen inbiria. Saioaz gozatzeko modurik ez dut izan oraindik, baina entenditu handi batek esan didanez, nire amak, oso ona izan omen zen. 

Ez dakit zer egingo nuen hor egon banintz larunbatean. Egoitz Aizpuru izan dut urteetan zehar Bertso Eguneko adiskide; alargun geratuko nintzen. Pentsatzen dut Felixek emango zidala lutotik ateratzeko aukera eta utziko zidala berarekin joaten. Edo ez. Orain bizpahiru urte, egun osoko poteo gogorraren ostean txispaz armaturik iritxi ginen afaritara, eta ez nion kupeletatik nahi ordurako alde egiten utzi gizajoari...
 
Burutazio hauekin nebilen larunbatean, apur bat melankoliko, aizu, berriro bertsoaren arra barrura sartu zitzaidanean. Interneten errimaturik topatu nuen guztia irentsi nuen eta gaiak pentsatzen hasi nintzen. Gipuzkoako Txapelketaren itzala ari da gerturatzen pixkanaka, eta ilusio berezia eragiten dit horrek. Badudala gogoa berriro bertsoaren zurrunbiloan sartzeko, aizu.

Azken zertzelada bat. Hitzetik Hortzeran iazko saio onenen laburpenean, hiru saio izan ziren musikatuak, eman zituzten saioen ia erdia. Eman dit zer pentsatua horrek. Badakit zuen artean asko dakien jendea dagoela; trukatuko nuke iritziren bat edo beste norbaitekin...

2011-01-27

Kuartelez eta petaloz

Goizeko 03:00n militarrez inguratuta egotea izugarrizko putada da, marroi baten atarian zauden seinale. Militarren kuartel batean gaua pasatzeaz pentsatze hutsak itolarria eragiten du; nire ameskaiztoenak ere ez dira urreratuko gerta dakizukeenera.

Ezagutzen ez duzun herri batean, goizeko 03:00n lotarako lekurik gabe egotea ere putada bat da.

Baina agian bi gauzak batera gertatzea ez. Badakizue, minus eta minus, plus. Herriko plazan haizea eta katuak besterik ez dauden ordu horretan militar batek esaten dizu Centro de Recreación bat daukatela hortxe, plazaren iskinan, eta apopiloak hartzen dituztela prezio onean. Beste aukerarik ez daukazunez onartu egiten duzu. 

Lehen gaua igarotzen da, bitxi. Zauden barrakoi modukoan soinu arraro batzuk entzuten dituzu, baina belarrietan tapoiak jarri, begiak fuerte itxi eta lo egiten duzu, porru eginda baitzaude. Jekitakoan ohartzen zara xagu batek mesanotxearen gainean zegoen gaztaren erdia jan dizula. Putakumea. Eguna soldadu, kabo eta koronel artean igarotzen duzu, honekin eta harekin hizketan. Gauean lotarako gela hobea ematen dizute. Hala ere, bada ezpada, afaritan geratzen zaizun gazta erdia jaten duzu. 


Hirugarren egunerako koronelarekin zigarroak trukatzen ari zara kuartelaren patioan, Beni ibaira begira. Koronelak berrogeita bosten bat urte izango ditu; gizon sendoa, burua urdintzen hasia, aurpegi borobila, pauso segurua. Pentsatzen duzu baietz, gizon horrek derrigor koronel izan behar zuela; ez arotz edo irakasle edo dendari. Ez. Koronel. Politikaz hitz egiten duzue, munduaz, Boliviaz, Euskal Herriaz, cocaz, drogez... eta tantatatxan!, koronelak berak esaten ez dizu ba nahi izanez gero herrian non aurki ditzakezun petaloak! Aibalaostia! Biba San Fermin!

Beni ibaiko arraia afaldu, koronelari kasu egin eta izarrak zuretzako argitu dira kuarteleko patioan, petalo baten kea zerurantza doala.    

2011-01-24

Euri mehea

Hirekin oroitzen nauk euri mehea ari duenetan.
Beni ibaian txalupak zebiltzak
sarea bota eta sarea kendu, arrantzan.
Nik ardo ona edan nahi diat,
ilunabarretan batez ere.
Rias Baixasetan emakumeak sarea jasotzen ari dituk,
eta guk mariskoa afalduko diagu.
Mozkortu nahi al duk nirekin?
Itoko al gaituk gintonic-etan?
Zergatik duk morea O`Groveko euria?
Euri mehearen artetik azalduko haiz,
eta salbatu egingo nauk;
rianxeira eta dolü gabe, dolü gabe hiltzen niz abestuko diagu,
eta zoriontsu izango gaituk,
gau batez.

2011-01-21

Lokatza puntu-erantzunean

Bidaiatzea inprobisatzea da, egunero inprobisatzea. Diferentzia da, bertsotan jakiten dugula zein izango den azken puntua, ahazten ez zaigunetan behintzat, eta bidaiatzen ez. Agian puntu-erantzutearekin dauka parekotasun gehiago; egun berriak goizero jartzen digu puntua eta guk ahal den bezala erantzuten diogu, nora iritxiko garen jakin gabe.



Herri batean geuden kasakriston galduta: San Ramón-en hain juxtu. Hirira, Trinidadera joan nahi genuen. Itxaron eta itxaron, zigarroak erre eta erre, bus guztiak beteta pasatzen ziren. Goizeko 01:00a zen dagoeneko; ordu txarra kalean egoteko tabernarik taberna errondan ez bazabiltza, eta are txarragoa Camel paketeari zigarro bakarra geratzen bazaio. Azken busa iritxi eta hura ere ipurtzuloraino beteta. <Kauendio, zer in behar diñau oain?> Txoferrari pena eman, gure bizitza kontatu eta hilkutxa zirudien autobusaren bodegan joaten utzi zigun, motxila, maleta, kaxa, erraminta eta hauts tartean, zortzi orduko bidean. Gustora beteko nuen fantasia sexuala egi...

Bero handia. Diot, Trinidaden, ez buseko bodegan. Hiri zatarra. Eta berriz Amazoniara ospa. 
Bidaia: Trinidad - Rurrenabaque. 
Distantzia: 317 km.
Irteera ordua: 09:00ak. 
Euria goian-behean; normala, euri sasoia baita Bolivian behe-lurretan. Bidearen hasieran ibaiak hazita eta ibaiak gurutzatzeko zubirik ez. Busa egurrezko bote handi batzuen gainean jarri eta hala gurutzatu genituen bizpahiru ibai. Eta txarrena pasa genuela uste genuenean hara!, lokatza. Busak eta kamioiak ez aurrera ez atzera, lohietan trabatuta. Erdian zintzilikarioa dugunok, zahar eta gazte, handi eta txiki (gorputzez, ez zintzilikarioz) belaunetaraino sartu eta busari bultzaka aritu ginen behin eta berriro. Puntu-erantzunaren erdian trabatuta dagoen bertsolaria ematen zuen gure busak.

Halakoren batean jo genuen helmuga; goizeko 03:00n heldu ginen Rurrenabaquera 317km egiteko 18 ordu behar izan eta gero. Tartean trabatuta ibiliagatik, iritxiak ginen bertsoaren 3.puntura. Lotarako lekua aurkitzea falta zen puntu-erantzuna txukun osatuta geratzeko...

2011-01-17

Sega zorroztuta

Gogorra joan da aste hau; gogorra eta hotza, marmola emateraino. Zenbait laguni gertuko pertsonak zendu zaizkie.

Eta basoan paseatuz txistuka jarraitzen dugun arren, zer pentsatua ematen du horrek. Han dagoela zain, sega zorroztuta errepidearen amaieran, guk bidea non bukatzen den ez dakigun arren.

Eta zureak faltan botatzen hasten zara, eta beldurra ematen dizu noizbait zureak faltako direla jakiteak eta panikoa eta antsietatea eta baita zu faltako zarela jakiteak ere. Mundua ez da hain ederra, jendea ere ez, zu ere ez, eguzkia izkutaturik dago, zelaietako loreak ximeltzen ari dira eta ez dakizu euria ari duen edo negarrez ari zaren.

Zeure buruari galdetzen diozu non eta zertan zabiltzan; antsietateak hartu dizu gorputz guztia, hanketatik bururaino. Bederatziak dira, baina ohera sartu zara dagoeneko. Begiak fuerte itxi eta loa azkar iristea desio duzu, biharko eguna hobea izango delakoan.


2011-01-13

Txakurrak eta oilaskoak

Patxi putxi
Diru gutxi
Salda asko
Patxi oilasko.

Euskal atsotitza

Ihauterietarako txakurraren mozorroa prestatzen hasi behar al den galdetu didak. Iaz egin genian tratua; Asteartitan txakurrik gabeko punkya hi. Ez zagok munduan txakur gabeko punky txirulajolerik, eta hurrengo urtean ni izango nintzela hire txakur erabaki genian.

Hortzak zorroztu dizkidak. Badakik, niretzat munduko gauzarik onena dituk Karnabalak, larrua jotzearen atzetik. Egun hoietan Tolosan gertatzen dena ezin duk hitzez adierazi; batez ere nire anaiarekin eta bere lagunekin bazkaltzea Asteartitan. Nola azaldu? Nola esplikatzen da hitzez orgasmo bat?

Hemen ere fama handia diate Ihauteriek, Orurokoek batez ere. Txakurrez ez zakiat, oilaskoz jazten lanik ez diat izango. Hegatsak ateratzen ari zaizkidak sorbaldan, eta oilasko dantza sekula baino hobeto egiten diat. Badituk-eta bi hilabete egunero oilaskoa ari garela jaten, askotan bazkaltzeko eta afaltzeko. Po po po po po po po popo. Oilaskoa duk hemen jaten den ia bakarra, arrozaz eta patatez lagunduta.


Ari garela idatzi diat bai, ondo irakurri duk, Ari naizela ari naizela Pello Errotarentzat utzita. Badituk bi hilabete pasa bidelaguna diadala. Nola azalduko diat... en... ba horixe, Diana izena dik: ekipoa osatzen diagu, guk hala deitzen zioagu behintzat. Bizitza ederra duk eta mundua eta jendea eta hi eta Evo eta loreak zeudek zelaietan eta eguzkia zeruan. Gaixoak haragirik ez dik jaten baina hemen oilaskoa jaten hasi duk, faktore askorengatik: bestela ia ezinezkoa delako jatea, merkeena ere badelako, bertakoekin komunikatzeko modu oso ona delako otorduena... Nik pare bat diarrera izan dizkiat, eta egon nauk sei-zazpi egun komunera joan gabe ere. Badakik, bidaiatzearen gauzak.

<Ta, bestela zemuz?>. <Esan eztizut ba gaizki>. Bada ezpada ere hasi txakurrarentzat katea erosten...

2011-01-10

<¡Gringo!>

<¡Gringo!> ohiu egin zion; <¡Gringo, ven acá!> birritan. Gringoa burua lurretik jaso eta harantza abiatu zen pauso motelez, eskuak atzean gurutzaturik zituela. <¿Qué te parece el parque que estamos construyendo, bonito verdad?>. Ezin ba ezezkoa erantzun, eta <Sí, muy lindo> erantzun zion. Ohartua zen parkean obretan ari zirela; eta egiari zor, polita ari zen geratzen.
Zigarro bat ketu eta beste bat eskeini zion arkitektoari. Azkar eta asko hitz egiten zuen gizon hark ordurako esana baitzion parkeko arkitektoa zela. Zigarroa erretzen zuten bitartean, eta gizonak uzten zizkion tarteak aprobetxatuz saiatu zen azaltzen Euskal Herria eta Espainiaren arteko ezberdintasuna; alferrik izan zen hiru aldiz esanda ere. Lehen gringo zena gringo español zen orain. 

<Cuenta en España que también hacemos parques y jardines acá; no sólo lo que cuenta ese Evo maldito indio>. Tanto potolo batek gurutzatu zion bekokia gringoari, eta ia alboka erori zen; zuek ulertzeko, Krilin erortzen zen bezala Dragoi Bolan. Erretolika luzea sartu zion; denbora zigarrotan neurtuz gero, beste hiru zigarro: Bolivian denak ez zirela indioak (malditos indios zen hitz zehatza), dirua infraestrukturetan inbertitu behar zela, turismoan, enpresetan, etabar etabar etabar. 

Gringo españolak azken zigarroa eskeini eta pasiatzen jarraitu zuen San José de Chiquitoseko kaleetan, betiere pauso motelez. Kanpotarrik iristen ez zen lekua zen hura, Chiquitania deritzan lurraldea. Han ez zegoen turistentzako jatetxe eta dendarik, ez internetik ez pakete turistikorik. Horregatik zen ederra. Horregatik zen bertako jendea ere ederra.


Bertsolari pausoz ibili zen pare bat orduan, arkitektoak esan zizkionak buruan: eskoletan aimara eta quechua irakastea ez zitzaion ondo iruditzen gizonari; gazteleraz irakastea omen zen egin behar zena. Agian planoei buruz adina ez zuen jakingo linguistikaz; agian ez zion axolako aimara eta quechua hizkuntza gutxituak izateak, eta arriskuan egoteak; gringo española euskalduna izateak ere gutxi inporta, eta are gutxiago gringoaren hizkuntza ere hizkuntza gutxitua izateak  Baina hori bai, parkea oso polita, rrrrrelindo.   

2011-01-05

Sasiak janda

Sasiak jandako
hilerri asko
dago Bolivian.

Sasiak
bizitza hartzen digunean
iritxiko da heriotza.