2011-03-31

Zanganeoan

Gauza ederra da potrozgora etzanda egotea; lasai, kezkarik gabe, ezer pentsatu gabe, out. Egote hutsaren plazeragatik soilik, sekula potrozgora egon ez denak ez daki zer den bizitza; gutxienez ez daki bizitzen.


Zanganeoan igaro ditugu hiruzpalau egun: lo egin eguerdirarte, Pazifikoak orkatilak zipriztintzen dizkigula hondartzan paseatu, irakurri, jan... Garagardo frexko-frexko batekin eta purutxo batekin egunari ilunabar izena hartzen laguntzea bezalako plazer gutxi da munduan. Ondoren horri arrain arrantzatu berria parrillan, abesti zaharrak eta arrantzale are zaharragoen kontuak erantsiz gero, zuek esango didazue zer egiten duzuen fabrikan lanean.

Udazken haserako eguzkiaren goxotasunak ematen duen sosegu horrekin, erabaki dut handitan Kontenplalaria izango naizela, maiuskulaz. Bizitza kontenplatuko dut; noski, maiuskulaz Bizitza ere. Paseo luzeak emango ditut masustak janez bide alboko sasitik; ilobak denik eta ardorik onenera gonbidatuko ditut tabernan; habanoak erreko ditut bata bestearen atzetik, eztarria urratu arte; Adolfo Aristarainen filmak ikusiz joango zaizkit arratsak; eta bakardadeak estuegi hartzen nauenean, larrua joko dizut; gaur goxo, basati bihar. 

Bitartean, jolasean jarraitu nahi nuke bizitzarekin. Bizitza jolasa dela erakutsi baitidate bidaiek eta biajeek, eta ez jokoa.


2011-03-27

Historiari erreparatuz

"Ene, gizonik ez balego, orduan zer?
Ene, gizonik ez balego, orduan bai pagotsa."

Ruper Ordorika

Saiatuko naiz buruan darabilkidana txapada handiegirik sartu gabe esaten. Saiatu saiatuko naiz, baina ez dizuet zin egiten.


Gizakia da gauza bat miserablea, berekoia, gorrotagarria. Peru hartuko dugu adibidetzat. Peru esanda Inkak etortzen zaizkigu guztioi garunera; diot, garundunoi. Egunotan Inken aurretik izan ziren bi zibilizazio ezagutzeko aukera izan dugu. Mochicak eta Chimúak. Ez zaituztet datuekin itoko. Mochicak III. eta IX. mendeen artean existitu ziren, orduan auskalo nola deitzen zen Peruko kostan; Chimúak IX. eta XIV. mendeen artean. Hau ez bedi gaizki ulertu: ez Darwin-en Eboluzioaren Teoriako Tximuak, hauek aspaldiagokoak dira. 


Harrigarria da nola mantendu diren beraien Tenplu Sakratuak (saindu ez zait batere gustatzen) gaur egunerarte, lurrikara eta uholde artean. Egun, txamanek-eta erabiltzen omen dituzte beraien zeremonietarako. 

Munduaren historia, konpai. Chimúek Mochicak menperatu zituzten lehenengo, eta ondoren desagertarazi. Inkek berdina egin zuten XIV.mendean Chimúekin; ondoren datorrena badakigu: españolak, Colón, Pizarro eta ehun urteren buruan akabo Inkak.

Hau Perun. Baina munduan historia berdina izan da leku guztietan gizaldietan zehar. Beraz, historiari erreparatzen badiogu, gure zibilizazioak ere desagertu behar luke. Nola? Nago, Pachamamak, Ama Lurrak jarriko dituela gauzak bere lekuan eta desagertaraziko gaituela lurrazaletik. Ez dugu besterik merezi. Alegin ere, Intxurren hasi omen dira makinak mendia zulatzen trena pasa dadin, abiadura handian. Horixe ba, ez dugula besterik merezi.   

2011-03-23

China Town

Txinan bizi den adiskide zahar bat ere badut ba, aizue. Zahar adjektiboa adiskidetasunari dagokio, ez berari. Uste dut gutxi barru Euskal Herrira joatekoa dela egun batzutarako; hobe luke festetarako ere itzuliko balitz...


Ez dakit nola daramatzan hainbeste urte Shangaien. Guk orain pare bat egun hartu genuen ostatu Limako Barrio Txinoan; nahikoa izan dira erotzen hasteko. Hiri handi orok du bere China Town-a, eta ez dizkizuet xehetasunak nik emango. Badakienak badaki eta ez dakienak galdetu beste bati. Baina bai dena ez dela arroza eta ping-ponga. Hala ere, bizitzekoa bada. 

Zer esango dizuet ba, ez zait gustatu; ez Lima ez limatarrak. Zaratatsuak dira, arroak, ez daukate edukaziorik, edozer gauza esaten diete emakumeei, malizia handia daukate, beti gu engainatzen saiatzen dira... eta abar luzean jarraituko nuke. Potrotaraino. Hasta los huevos. Until the eggs. Bloga nirea da, ze ostia!, ezin autozentsuratuko naiz ba. Bestela ere nahiko zentsura jasaten dugu euskaldunok. Alegian bada peruarrik eta arbaso peruarrak dituenik; barkatuko al didate zerbeza batekin!



Kostako busa hartu, Kostako Trenik ez dago-eta, eta agur-agur eginez lima txikitzen joan da busaren atzeko kristalean. Txoferrari ez diogu galdetu ere egin nora doan busa; errepidea amaitzen den lekuan jaitsiko gara, Esperantza izena duen geltokian.   

2011-03-19

Kontua ta zikina


Ni il naizela sortu omen du
Aurriñazpiko atsuak,
pena galanta artuko zuten
siñare ta gurasuak.
Ai zer negarrak nere koñata
eta illoba gaixuak!
Bizi naizela jakiñ dezaten
jartzera nua bertsuak.

Joxe Manuel Lujanbio "Txirrita"

Alegitarrok, dendariok, tabernariok, lagunok, Ixkiñan kafea hartzen duzuenok: kontuz! Ez nago Rio de Janeiron. Ez adiskideok ez; Liman nago.

Orain pare bat egun-edo kuadrillako lagun batekin hitz egiteko plazerra izan nuen, lagun handia bera. Hainbeste hilabete eta kilometro ondoren barrena ukitzen dizu horrelako adiskide baten ahotsa entzute hutsak. Huntaz eta hartaz aritu ginen; gazteleraz zenbat hobetu dudan ikus dezazuen, de lo humano y de lo divino. Badakizue: txutxumutxuak, Inauteriak, politika, ametsak... Hala zabaldu omen da herrian: Rio de Janeiron nabilela Karnabaletan Bilboko neska batekin. Tocate la vaina Mololo! Wazemankeko "Kontuba ta zikiñako" sketcha zirudik honek. 

Herri txikia, infernu handia gogorarazi zigun esaera zaharra Bolivian egin genuen Eskoriatzako Fernando lagunak. Hurrengoa bizitzen Brasilen geratu naizela izango da, eta azkena Ronaldinho Iriarte bat jaio dela Rion, no te jode. Ez uste pentsatu ez dudanik. Diot, ez Ronaldinhorena, propio behintzat, bizitzen geratzearena baizik. Zorrak pilatzen ari bainaiz Ixkiñan. Ekainaren erdialdean bazkari pottolo bat izaten dugu kuadrillan urtero; nire zorrak hiru zifratara gerturatuta omen daude. Kauendio... hau dek harrie hau!

Alegitarrok, dendariok, tabernariok, lagunok, Ixkiñan kafea hartzen duzuenok tabako kerik gabe: kontuz! Zaindu zuen mihiak. Liman nago baina ez zarete nitaz hain erraz libratuko. Ez egin negar, itzuliko naiz, egunen baten pozez kantari...
   

2011-03-14

Machu Picchu. Zertzeladak

Machu Picchun kuadernoan bapatean idatzi nituen zertzeladak, apunteak eta ideiak, bere horretan.

Tren txikia

Barre estatu batuarrei. Garestia da Machu Picchuren magalean dagoen herrira, Aguas Calientesera iristera. Trenez bakarrik iritxi daiteke, eta guk ez ditugu guiriek ordaintzen dituzten 60 euroak ordaindu idako txartelagatik.

Gu busez jesukriston buelta eman eta Aguas Calientesetik 10 km-ra geratu gara. Tren karriletik oinez gindoazela, ferrokarrilean lan egiten dutenek erabiltzen duten tren txiki hoietako bat geratu zaigu. "- Biba Rusia Diana! Eskerrak, ja berandutzen ari din!" Aguas Calientesera iritxi, eskupekoa eman gidariari eta barre egin diegu estatu batuarrei.

Guiriak. Jendea, puta jente dio Dianak. Lagun-mina den min-lagun batek dion bezala, Piriniotako herri bat dirudi honek. Eguzkitako betaurrekoak, arropa garestiak, jatetxe are garestiagoak... Jubilatuak asko. Postalak. Oroigarriak. Argazkiak. Botalarria. Patagoniatik Iguazura, eta Iguazutik Machu Picchura hegazkinez etortzen den jendea, hamabost eguneko oporraldian. Botalarria berriz. Inguruko herri txiki bateko zahar batek aitortu digu ez dela sekula izan Machu Picchun. Botalaria hirugarren aldiz.  



 
Machu Picchu. Atzean Wayna Picchu laino artean.
Guri ez zaigu jendea gustatzen. Goizeko 04:30n jeiki gara. Jendeak busez egiten du Aguas Calientesetik Machu Picchurako bidea, ordu-erdi edo. Guri ez zaigu jendea gustatzen. Are gutxiago jubilatu frantzesak. Gu zuzenean Machu Picchu atzean dagoen Wayna Picchu mendira igo gara oinez, postaletan-eta azaltzen den horretara. Lau orduko ibilbide zoragarria. Ondo egiten du jendeak busean joanda; hiru laguneko kuadrilla bakarra gurutzatu dugu bidean. Jendea helikopteroz joango litzateke Everestera, argazkia atera eta bertan izan dela esateko.

Machu Picchu. Bi hitz bakarrik daude hau definitzeko Diana: la ostia! Nola da posible hau egiteko kapaza den zibilizazio bat goizetik gauera desagertaraztea mundu deitzen dugun puta mierda hau eraikitzeko? Magia berriz Felix, magia! Testuingurutik isolatzen saiatu gara: guiak, jubileta frantzesak, ohiu egiten duten emakume ahots-finak... Eta pekatutxo bat egin dugu. Zuek postaletan ikusten duzuen irudiari guk petaloen kea erantsi diogu... eta bost mende egin dugu atzera.  


Peru ez da Machu Picchu bakarrik. Garestia da Aguas Calientesetik Cuscora iristea. Trenez bakarrik iritxi daiteke, eta guk ez ditugu guiriek ordaintzen dituzten 60 euroak ordaindu bueltako txartelagatik.

Gu tren karriletik itzuli gara oinez, baina oraingoan ez zaigu aingerurik azaldu. Berriz sekulako buelta busean, eta halako batean iritxi gara Cuscora. Porru eginda gaude, baina izugarria izan da.

Jubilatuak, guiriak eta tour turistikoak atzean utzi, motxila egin eta herri txikietan barna galduko gara Limara bidean, Peru ez baita Machu Picchu, ez behintzat Machu Picchu bakarrik.  

2011-03-08

Boligrafo hau III

Argentinan kalean aurkitu nuen boligrafoa tinta gabe geratu da Perun, Asteartita egunez.

Ez da munduko azkarrena izan behar Amerika Latinak naizena izaten lagunduko (eta oztopatuko) didala jakiteko, baina ez betirako.

p.d. Besarkada bat txakurrik gabeko punky hoiei.

2011-03-03

Baila Negra! Txikin

"Baila negra la marimba con ardor
que tu baile me conmueve,
muevete negrita mueve que no hay
en el mundo cosita mejor.
Si una negra va a bailar
si una negra va a bailar
no se pone colorada 
porque no se puede cambiar de color
(PO PO PO PO... PO PO tronpeta soloa)"

Inauteritako kanta

Gaur Ostegun Gizen da, eta zu babua zarelako Cuscon zaude. Gaur Ostegun Gizen da, eta badakizu honezkero jendea saltoka dabilela txarangen erritmoan. Gaur Jueves Gordo da eta zu negarrez ari zara.

Jendeak Eguberritan oroitzen ditu bereak; zuk Inauteritan (Inauteri idatzi behar omen dela dio Euskaltzaindiak). Iritxi dira urteko egunik garrantzitsuenak eta gelan bueltaka zabiltza, harakoan eskua horman zehar eramaten duzula.

Badakizu norbaitek astea biraoka pasako zuela bihar lanera joan behar zuelako eta ordubietan irribarretsu azaldu dela nagusiak azkenean jai eman diolako. Ziur zaude anaiari azkenean neskak ateratzen utziko ziola eta munduko pertsonarik zoriontsuena dela ordu honetan. Susmoa duzu behin "- Ostegun Gizena pertsona orok bizitzan behin gutxienez probatu beharreko esperientzia dek" esan zizuna, txapelak urte luzetan buru-soila estali zion bertsolaria bera, han ibiliko dela zigarroak errez.

Gaur Jueves Gordo da, eta senak esaten dizu kuadrillakoak zu gabe ez direla Txikira joango. Inkentzat Machu Picchu zen leku magiko gorena, eta karnabaleroontzat Txiki taberna da: misterioa, jendea, pintxoak goizeko 02:00n, magia... eta Baila Negra! Esan dizute hemen ere gaur hasita ospatzen direla Karnabalak, baina ezer ez da berdina izango eta zu tristeegi zaude festarako; mozkortzeko ez.

Ama, gaur Ostegun Gizen da.