2011-02-27

Mugak eta frontièreak

"¿Quienes somos, de dónde venimos
a dónde vamos?
Estamos solos en la galaxia
o acompañados?"

Siniestro Total

Bidaiatzeak mugetan denbora asko galtzea dakar. Argentinatik Boliviara oinez igaro ginen, eta bisadoak laurogeita hamar egunen ondoren Pachamamaren lurra utzi behar genuela zioenean, busez igaro gara Boliviatik
Perura.

Kuriosoak dira fronteretako funtzionari lepaguriek egiten dituzten galderak pasaportea seilatu aurretik. "Nor zara, nondik zatoz, nora zoaz?" Ez dugu ba parrandan Siniestro Total talde galizarraren abesti hori kantatu eztarria urratzeraino. Beste batzuk arrarogoak dira; bai galderak bai funtzionariak. Extraño izango litzateke Jon Maiak erabiliko lukeen hitza. "Non egingo duzu lo? Norekin? Hartu al duzu drogarik inoiz? Ba al dakizu nor den Peruko presidentea?" Erantzun txarrak eztarriko zuloan utzi, txistua tragatu eta kaballeroso erantzuten ditut galderak pasaporteko zigiluaren truke.

Hala, Titicacak betiko lekuan jarraitzen du; betiko lakuan. Baina gu bestaldean gaude orain. Hau da, Perun. Eta eguzkiak uretan egiten duen dizdirari begira barrez lehertzen hasi naiz.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia zen, ez dut oroitzen urtea. Kafea hartu sozidadean eta Hendaiara abiatu ziren; beti bezala, berandu. Kopilotoa lasai zihoan zigarroa erre eta bertso zaharrak abestuz; txoferra estuago, epaile jardun behar baitzuen. Irun pasa eta kopilotoak "hemendik, hemendik dek Beltzenia frontoia". Aurrerago joan eta "ezkerrera, ezkerrera". Eman sekulako buelta eta hara!, berriz fronterara azaldu. "Kauendio!, frontière irakurri diat eta frontoia zala uste nian!!

Ez naizela ni mugetan denbora galtzen duen bakarra, zera!

2011-02-21

Isla del Sol-en itxarongo dizut


Arnas berria itsas aireak
hemen lurra oro da are.
Eraman ditu mareak
gure urratsak ere,
amaitu dira bideak
oinak biluzik daude.

Maialen Lujanbio - Karidadeko Benta

Izan al zara inoiz Isla del Sol-en?

Ilargi beteak eta eguzkiak elkarri muxu ematen dioten muino bat dago, behelainozkoa. Izar batek kontatu zigun hantxe sortu zela Eguzkia; lehenengo Eguzki amandrea eta Inkak ondoren.

Titicaca eta Andeak elkarrekin jolasean dabiltza; lakuak mendilerroaren islada ekarri eta eraman egiten du, eraman eta ekarri, Andeekin jolasean ari den maitalea bailitzan.


Hodeiak zeruaren aingura dira, itsasoak ez diezaion azpitik alde egin; txalupak ez dira itsasoaren malko gorriak besterik.

Hemen, irla bakartian, jendeak ez dauka adinik. Inor ez da hil egundo; jendea albatro bihurtzen da. Haizeak, zortzi eguneko adina duenean, su hartzen du hondartzan. Ba al dakizu astiro doiala denbora, idi gorrien gurdi hori?

Zatoz, laztana, Isla del Sol-en itxarongo zaitut, ilargi beteko gauetan.

2011-02-16

Amets urdinen parkea

Euriak bihotza zulatzen dizunean
kalean gora jarraitzea,
ez dago besterik.
Ez zazu negar egin,
malkoek euriari zaporea kenduko diote.
Egiozu irribarre bihotzari
faroletan ilunabarra loratu aurretik,
helduiozu ixiltasunari eskutik
eta agian,
amets urdinen parkean
elkartuko gara.

2011-02-12

La Paz = Barne-Bakea?

La Paz ez da tokirik onena barne-bake bila dabilenarentzat. La Paz gerra da, jendea, busak, zarata, festa, koloreak, sorginak, belarra, pasamontañasak, alkohola, enpanadak... eta polizia.

Bolivia da lurralde bat militarrak poliziak baino askoz adeitsuago direna. Festan genbiltzan, reggae kontzertu batean, sirena hotsak eta argi urdinak sumatu genituenean tabernako atean. Poliziak ziren, zientoka. Sarekada. Denak komisaldegira. Guk beste zerbait generaman soinean pasaporteen ordez. Niri utzi zidaten hostelera joaten gure paperen bila, eta buelta komisaldegira, neuk ordaindutako taxian, noski, gidariari <- ¡acelera, acelera! ¡más rápido, más rápido!> esaten niola. Hollywod-ek oraindik ez daki gizateriari egin dion kalteaz.

 









Bakea Titicaca lakuan aurkitu dugu. Bakea, eguzkia, hotza eta arraia. Ia  4000 metrotan dago laku sakratua, Andeetan, Bolivia eta Peru bitan banatuz, Bidasoa ibaia bailitzan. Ahaztua genuen arraiaren zaporea nolakoa den ardo txuri bat dastatuz. Ardoarena ez, oilaskoarekin ere ederki sartzen da-eta.
Txapada nahi ez duenak gaurkoz hemen egin beza alto. Besteoi animo eta mila esker.

 Bolivia bitan zatiturik dago: altiplanoa eta behe-lurrak. Edo berdina dena, Andeak eta Amazonia. Honek guztiak dakartzan diferentziekin: eguraldia, paisaia, jendea, jana, ohiturak, janzkera... Altiplanokoak cambak dira eta behe lurretakoak collak. Eooooooooooooooooooo... oraindik ba al dago norbait hor? Eta ezin da esan bereziki elkar atsegin dutenik. Collentzat cambak indioak dira, <malditos indios>. Cambek zuhurrago hitz egiten dute, baina los collas son blancos. Altiplanoan Evo jainkoa da eta Amazonian gorroto dute. Bi mundu.

Nik ere egin izan ditut gogoetak eta atera ditut nire ondorioak, baina ez dut uste nor naizenik hemen azaltzeko. Soilik zertzelada hauxe utzi nahi nuen. Honaino iritxi zaretenoi gustora gonbidatuko dizuet zerbeza bat camba eta collei buruz hizketan. Zuen esku.

2011-02-08

Gu gara belaunaldi bat

Gu gara belaunaldi bat sinplea, kezkarik gabea, - inkietude zen aurkitu nahian ari nintzen hitza - inkietude gabea.

Lanetik atera eta play stationean jolastea gustatzen zaigun belaunaldia gara gu; jolasa kaletik etxera eraman genuen haietxek berak, eta telebista etxetik Gaztetxera.

Gu gara imajinazioa oliba baten tamainakoa dugun belaunaldia; gauzak etorri diren bezala hartu ditugu, eta ez dugu indar askorik gastatu nahi izan gauzak aldatzeko.  Ferira joan eta libra bat zenbat den ez dakigunak gara gu.

Gu gara errutinara ohitu garen belaunaldia, sistemari aurka egiteko amiñi bat mugitu ez garena. Gaztetatik dirua irabazten ohitu gara, kotxe garestiak gustatzen zaizkigu eta muxutruk zerbaitetan aritzea asko kostatzen zaigu.

Ondorengoei mundu are anker eta tristeagoa, eta sistema are boteretsu eta perfektuagoa utziko diegun belaunaldi horretakoak gara gu.

2011-02-04

Pasamontañas

Urteak dira ez diodala inori begietara begiratzen lanean ari naizen bitartean. Hitz egin ere jende gutxiri egiten diot; entzun eta burua gora eta behera mugitu bai. 

La Pazeko San Francisko plazan daukat nire aulkitxoa. Orain bostpasei urte-edo hasi nintzen lan honetan; burdel bateko zaindari izateak nekatu egiten du bat. Orain ez ditut mozkorrak eta cocainomanoak aguantatu behar; mezetatik ateratzen diren aiton-amonak izaten ditut bezero, edo korbatadun pijoren bat, edo despistatu aurpegiarekin dabilen atzerritarren bat.


Normalean egun osoa pasatzen dut plazan zeinen zapatak garbituko. Peso Boliviano baten truke ateratzen diet dizdira zapata berri eta zaharrei. Batzutan irudipena izaten dut zapata koxkan jarri beharrean buruan jarriko didatela, eta zapaldu eta zapaldu eta zapaldu zoruaren aurka txikitzeraino. Putakumeak. Ikusi egin behar zenuteke ze handitasun airez luzatzen duten hanka. Gustatu egiten zaie minutu batez bada ere norbait menpean, azpian izatea; agian beraiek bizitza guztia daramatelako norbaiten menpean.

 Aulkitxoan nagoen bitartean ez daukat izenik. Pasamontañas bat naiz. Pasamontañas bat eskuila batekin. Besteek pentsatuko dutenari ematen diogu garrantzia. Horregatik estaltzen dut aurpegia. Beraiek lotsarik sentitzen ez dutenez ni lotsatzen naiz; beraiez eta gizarteaz. Ondo nago itzalean, izenik gabe. Hori bai, joaten direnean, pasamontañasa kendu eta barrez lehertzen naiz malkoak irteteraino.