2010-10-28

¿Por qué no se moja en Uruguay?

- ¿Por qué no se moja en Uruguay?
- Porque encima tienen a Paraguay. 

Hostel ponpoxo honetako terrazatik, Parana ibaiaz harat, Paraguay ikusten diat, eta hirekin oroitu nauk ezinbestean. Nori ez ote diok txiste hori kontatu aurtengo udaran?

Argentina, Brasil eta Paraguay-ko mugatik oso gertu bainagok. Posadas izena dik herriak, eta Iguazuko ur-jauzietatik gertu zegok. Bero egiten dik; hasi dik bero egiten, bero hezea. Hor ere bero egin zian udaran. Gu gauez ibili gintuan gehiago, beroa saiheste aldera, baina azkenean eguerdiko eguzkia ere harrapatzen genian.

Nik banian premia, egia esan. Badakik, arrazoiak ere banizkian horretarako; hik ere bai. Osasuna galduko genian akaso, bizi-urte batzuk, baina ehundaka sentipen eta lagun berri irabazi. Lagun zaharren bat haserretzeko arriskua ere egon zuan, baina beste kupel bateko sagardoa duk hori. 
 
Chaco izeneko probintzian egon nauk, astebete-edo. Argentinako zona pobreenetakoa omen duk. Beraiek, Lehen Mundu deitzen dugunaren inbiritan bizi dituk, eta niri beraiek eman zidatek inbiria. Bizitza, zer duk ba bizitza? Gauza materialen eta diruaren pilaketa? Ala seme-alabekin eta lagunekin egoteko denbora, irrafarra, ipuinak, abestiak, ilargia, ardoa?

Egineko gizartea duk gurea. Hau egonekoa.

Argentinako lehendakari ohia hil duk gaur, bihotzekoak jota: Nestor Kirchner. Bere emaztea zegok boterean berak legealdia bukatu zuenetik. Jendea triste eta penaz zegok, hi, zinezko doluan. Imajinatzen duk hor presidente edo presidente ohien batekin hori gertatzea? Kortxoak soinua aterako likek txanpaina zabaltzean...

Burua kuadernotik altxa, ibaiaz bestaldera begiratu eta melankoliko jarri nauk. Badakik, erromantiko puta ni.  Ardo boteila bat irekiko diat afaltzeko. Merezi dik atalaia honek hainbeste. Eta hik ere bai...

Ah!, ¿Por qué el emperador Cesar, bai mote, Asterix eta Obelixekoa, buruan erramu-koroa erabiltzen ziana, por qué el emperador Cesar andaba siempre con sandalias? 

2010-10-25

Bakarrik

Ostiral iluntzetan, bakarrik zinera edo teatrora joaten dena izaten jarraitzen duzu Argentinan ere.

Ez zinera edo teatrora bakarrik, eta ez ostiraletan bakarrik, baina bai bakarrik.

Honezkero, konturatu zara jendeak arraro begiratzen dizula horregatik. Emanaldiak ulertzeko bikotean joan behar balitz bezala.

Konturatu zara ostiral iluntzetan bikoteak joaten direla nagusiki zinera; larunbatetan neska kuadrillak eta igande arratsaldetan mutilenak, normalean galbanarekin.

Badakizu jendeak derrigor konpainia behar duela afaltzera joateko, parrandan ateratzeko edo bertso-saio batera joateko. Ohartu zara, dagoeneko, jende askok beldurra diola bakarrik egoteari, barnera begiratzeari.


2010-10-21

Txistuka

Izututa iritxi zen, motxila sorbaldan, urduritasunak eraginda txistua joz, txistu absurdoa, inozoa. Ez zekien zer topatuko zuen hiri handian, jendeak berataz hainbeste hitz egin zion hiri handian. Barkutik jeitsi orduko izua lilura bihurtu zen: jendearekiko, kaleekiko, usaiekiko, abiadurarekiko. Pentsatu zuen berak ere aurkituko zukeela bere tokitxoa han biziz gero.
Lehen egunetik egin zituen lagunak, euskaldunak eta argentinarrak. Kontzertuetara  eraman zuten, zinera, teatrora, zirkora... Oso komodo sentitzen zen artaldean. Goizean jeiki eta zabor kamioiak eta autobusak eta autoak eta jendea eta aurpegiak ikusten zituen balkoitik; zer ikusirik ez bera ohituta zegoen belaze eta ardiekin. Oso zegoen komodo.

Goizuetar batek trinketera gonbidatu zuen arte. Ahaztua zuen aspaldi batean lehiakorra izan zenik ere, pala eskuan hartu artio. Azken sakea egitera zihoala otu zitzaion lehen aldia izango zela gipuzkoar batek nafar bati irabazten ziola Tolosak Retegi garaitu zuenetik, laurogeita bederatzian-edo.
  











Biharamunean, liburutegi batetik itzuli berria zen Euskal Etxetik deitu ziotenean. Bertso-afari bat antolatu nahi zuten eta ez zegoen non aukeraturik asko: Egoitz Zelaia hendaiar bertsolaria eta bera. Zalantza egin zuen, baina banidadeak eta narzizismoak gain hartuta, baiezkoa erantzun zuen. Gau ahaztezin baten lehen urratsa...

 Halatsu pasa ziren bi aste. Autobus geltokirantz zihoala, irudipena izan zuen hiri handietan jendea lehenago zahartzen denarena. Euskal neskei argentinarrak hainbeste gustatzearen misterioa ere gustora jakingo zukeen. Huraxe izan zen momentua; azentu argentinarra imitatzen hasiko zen.

Burutazio hoietan zebilela sartu zen Retiroko bus estazioan, jendartean barna, bi aste errepikaezin bizi izandako sentsazioarekin, motxila sorbaldan, Ruperren kantu bat txistukatuz. Bazihoan bidea aurrera...

2010-10-18

Boligrafo hau

Behin, boligrafo hau ostu nion bertso-saio batean Saroi Jauregiri. Apropos erabaki nuen Amerika Latinara ekartzea.

Hala, ez dut nik bakarrik idazten. Nire eskutik ni osatzen nauten guztiek idazten dute, naizena izaten lagundu (eta oztopatu) didaten guztiek.

Ni, ez bainaiz ni bakarrik; ni, bai bainaiz haiek ere.

2010-10-14

Eskailera mekanikoak

Ez dakit nork asmatu zituen eskailera mekanikoak, baina apustu egingo nuke alfer galanta zela; gorputzez behintzat bai. Gizakiak beti asmatu ditu formulak norbera geldirik egonda lekuz mugitzeko, eta eskailera mekanikoek ere gora eta behera eramaten zaituzte zu mugitu gabe. 

Eskailera mekanikoak zaharrak edo berriak izan daitezke; batzutan jende asko eramaten dute, eta bestetan ia hutsik joaten dira. Askotan, bertan jarri eta ez duzu ikusten nora doan ere. Gerta liteke oso oso gora joatea eskailera, edo baita lur-azpiko zulo ilunenera jeistea ere, baina behin bertan zaudela ezin duzu ezer egin gelditzeko. Ez bada ondatzen behintzat. Orduan, zeuk ibili behar duzu oinez, ahal den bezala, gora edo behera jende artean, agian aurkako norantzan.
 
Ni Buenos Aires izena duen eskailera mekanikoan nabil gora eta behera. Euforia eta tristezia; etxeorratzak eta kartoizko txabolak; Audiak eta homeless-ak.

2010-10-11

Rio de la Plata


Buenos Airesen bada
Rio de la Plata
bazter hartatik dago
ohiuka apoa
ura badauka baina
zilarra du falta
Piazzollak bezain triste
jotzen du tangoa.

"Apoaren edertasuna."
Koldo Izagirre - Joseba Tapia

Rio de la Plata gurutzaten ari nintzela Uruguay-tik Buenos Aireserako bidean, orduantxe ulertu dut etxera mozkorra joan, gela bueltaka hasi eta horri zergatik deitzen zaion barkuarena egitea.  

2010-10-07

Maskotak

Lehengo astean, Irailaren 28an, nire bi lagun-min guraso izan ziren. Zorionak Nahikari eta Jon, eta muxu bat Unax ttikiari!

Iritxiko ote zait noizbait niri eguna? Nahiko ote dut inoiz? Aurkituko al dut pertsona egokirik? Edo jadanik aurkitu dut pertsona hori eta berak ez du nahi... nirekin behintzat. Oroitzen autobusekin fantasia sexualak egiten zituen hura...

Ez dakit egungo gizartean haurrik eduki nahiko nukeen ere. Ez dugu astirik hartzen haurrak hezteko eta hazteko, ni bezelako irakasleengan?!, datza umeen edukazioak neurri handi batean eta lana lehenesten dugu ororen gainetik; eta hala ez denetan, geuk egiten dugu lana garrantzitsu, bigarren pisua edo 7 kiloko furgona ordaindu behar ditugulako. Ez dakit jendeak ez ote dituen haurrak izaten por que toca, "besteek ere egiten ditek ta guk ere egingo diau".

Bitxia ari zait suertatzen nire inguruko jendea guraso izaten ikustea. Nirekin parrandan ibiltzen ziren haiek, karrotxoari bultzaka ikusten ditut orain igande goizetan, ni etxeratzen naizenean. Noizbait nirekin oheratu zenen bat ere ikusi dut kalean tripa handi-handiarekin, mutilari eskutik helduta; nirekin oheratu ez zen mutilen bat ere ikusi izan dut tripa handi-handiarekin neskari eskutik helduta, baina hori ez dator kontura.

Eta badoaz urtaroak. Eta gu ere bagoaz. Gero eta gutxiago gara ginenak, gero eta urrutiago ginenak. Zahartu nahi ez dugunok ere aurrera darraigu; nik ez dut loturarik nahi. Agian horregatik ez dut sekula txakurrik eduki. Datu bat: noizbait maskotaren bat eduki duten  guztiak guraso izaten dira gerora. 

2010-10-03

Irizarren ekarpena humanitateari

Leku zoragarria dira autobusak; denborapasa hoberik ez dago munduan. Ez daki ondo Irizarrek humanitateari egiten dion ekarpena. Jendez gainezka joaten dira Uruguay-en beti, eta mundutxo bat elkartzen da bertan: haurdun dagoen emakumea, negarrez ari den umea, erosketa poltsekin doan amonatxoa, musika entzunez alboan eseri zaizun Bon Jovi ustekoa buruan zinta duela eta mugikorretik autobus guztiarentzat hizketan ari dena. Merezi luke azterketa soziologiko bat autobuseko fauna eta florak. 

Espezie guztietan gehien nabarmentzen dena mobillarena da. Erretzea debekatuta dagoen moduan, debekatuta egon behar luke leku publikoetan telefonoz hitz egiteak. Jendeak badauka halako zera bat busean edo trenean sartu orduko norbaitekin hitzegin beharrekoa, norbait hori geltokian agurtu berri badu ere. Ez zaigu inporta zure bizitza, che!

Ez zaigu inporta zure bizitza... geuk bat asmatu nahi dizugulako. Atzeko aulkietan esertzen naiz ni beti autobusean. Beno, orohar joaten naizen leku guztietan. Kontua da buru-ariketa bat ipini dudala martxan hemen: busean nire inguruan doazenen bizitza nolakoa izango den imajinatzen dut: adina, lana, sexua, sexu falta, zaletasunak... nahi adina gauza. Egin aproba. Konturatzerako geltokira iritxiak zarete. Sexua... Ezagutzen dut bere fantasia sexual gorena autobusean larrutan aritzea duenik ere, martxan doala eta jendearekin, noski. Nik esku bat botako nioke fantasia errealitate bihurtzen... ez neregatik eh!      

 Beste bitxikeria bat ere bada Uruguay-ko omnibusetan (hala deitzen zaie hemen). Saltzaileak ibiltzen dira barruan; erropa, janariak, edariak, tresnak, sarrerak... baita amona ere, denetarik eskeintzen dute. Egiari zor, ez dute gehiegi saltzen, baina autobus-espezie berri bat sortu izanaren poza inork ez die kenduko sekula.

Autobusez ari garela, Josu Iztueta, Ander Izagirre eta enparauek Nairobitarra IV  izeneko proiektua jarri berri dute martxan. Tolosako bonberoen (EZ Bonbereneako) aparkalekuan dago, Amarozen, eta geldirik egongo da. Gurpilak mugitu ez arren munduko edozein txokotara bidaiatzeko aukera izango du barnean sartzen denak. Animatu eta egin buelta bat!