2010-09-30

Eta egunsentiak deabruari eskutik heldu zion

Bada munduan leku bat egunsentiak deabruari eskutik heltzen diona: Punta del Diablo. Bi egun pasatzeko asmotan joan eta sei egin nituen; herri arrantzale txikia, hostel ona, jende zoragarria... Bi egunetan jarraian, goizeko 06:00n jeiki nintzen eguzkia itsasotik irteten ikusteko. Ordu hortan askotan ikusi nau eguzkiak kalean; lo eginda, hemen lehen aldiz.

Egunsentia.
Punta del Diablo. Hostela.










Kostatik Brasileko mugaraino iritxi, eta berriz Rio de la Plataruntz noa barnealdetik. Ondo bidean hiru-lau egun barru Argentinan izango naiz. Nabaritu dut diferentzia kostatik barnealderako pausoan. Kostan ohituta daude turistak eta bidaiariak ikusten, gu gara dolarrak. Barnealdean ez. Kamarera pixpirin batek galduta al nabilen galdetu dit; zalantza egin dut bera ikustera etorri naizela erantzun edo ez. Ez naiz atrebitu. Kobarde. Joan beharko du berriz kondoi kajak plastikoa ere kendu gabe bueltan.

Tacuarenbon nago, tangoaren aita, Carlos Gardel, jaio zen herrian. Gehiengoak uste duenaren aurka, Gardel ez baitzen argentinarra; uruguayarra zen. Poltsikuak aireak betetzen zizkiolako gurutzatu omen zuen Rio de la Plata, airea txanpon bihurtuko zen esperantzan. Hala sortuz zen tangoa. Eskerrak. Bestela "Doctor Deseok" ez zukeen corazón de tango tengo abesterik izango. Amona baten etxean igaro dut gaua. Afaritan galdeketa egin zidan: zer egiten dudan hemen, lana, ezkonduta al nagoen?!... Ahalik eta errezen eta xamurren erantzun nion, nire filosofadetan hasi gabe. 12:00n bazkaldu genuen, eta 19:00n afaldu. Hirietan eta kostan askoz beranduago jaten da. Bedaio gogorarazi zidan, edo Euskal Herriko baserritar giroko edozein herri. Nik uste eguzkiari egiten diotela jaramon, ez ordulariari. Eguzkiak eta ilargiak markatzen dute denbora, ez ordulariek. Ederra.

Orain arte Uruguay turistikoa ezagutu dut: mundutarra, jende jantzia, hostelak, dolarrak... Uruguay hau askoz ere mundu gutxiagokoa da, ruralagoa, naturalagoa, zikinagoa, gautxoagoa... Ez hobea edo txarragoa.

Juxtu Uruguay hau ere ezagutu nahi nuelako etorri naiz, pixpirin.


                     

                                                     

2010-09-26

Aspaldian ez dut

Aspaldian ez dut larrurik jo,
baina atzo neska bati kalabazak eman nizkion.
Zergatik zure antza duten neskak
bakarrik gustatzen zaizkit?
Edo zu bakarrik?

2010-09-22

Lehengo mendean eman ziguten ostatu (2010 - 09 - 19n idatzia)

Ikaragarria da hau. Magia Felix, magia! Minasetik kostaldera jeitsi, Brasilerako bidea hartu, La Palomatik pasa eta iritxi berria naiz Cabo Poloniora. 

Autobusak bide-gurutzean utzi nau; bizitzak ere hala nauka aspaldion. Lau bider lau (cuatroporcuatro Errezilen) erraldoi batek ekarri gaitu duna artean Cabo Poloniora, ordu-erdiko bidean. Herrira iristeko dagoen modu bakarra. "El equipo A-ko" kide sentitu naiz erremolke gainean.










Ez dago elektrizitaterik; etxe bakoitzak ura kudeatzeko modu propioa du; errepiderik ez, ezta serrailik ere ateetan; atlantikoa herriaren alde bietan; hondarra bakarrik; hondarra eta ni.

Ez dakit herriko haurrek eskolarik izango duten (defektu profesionala); herriko gazteak non bilduko diren kafea hartzeko; zaharrek non egingo duten kartetan eta dominoan. Ziurrenik ez zaie axolako. Mundua geratu egiten da hemen, eta ordulariaren orratzak ere bai. Zaharrak zahar jaio ziren, ez dira sekula zahartu. Umeak ume izan dira beti. Areazko ordularietatik haizeak eraman zituen hondar aleak banan-banan, dunak osatu arte.










Hemen ez dira Cristiano Ronaldo eta facebook bezalako hitzak existitzen. Ez dakite supermerkatuetako beherapenen berri. Ez dute zoriona auto markekin lotzen. Hemen ilargiari abesten diote gauero; eta gaur ilargi bete da.

Magia Felix, magia!

Ostatu eman ziguten
lehengo mendean
Eguzkia sartzen den
leku berean
Datozen egunsenti
denak daude han.

Jon Maia


2010-09-19

Kartulinazko larrosa

                                                                          Maria Narvarteri, muxu batekin

Kartulinaz eginiko larrosa bat oparitu zidan lankide batek orain bi urte.
Azkenean ximeldu egin zait.
Nago, maitasuna horixe ez ote den;
Benetakoa dirudien baina azkenean ximeldu egiten den faltsukeria. 




2010-09-16

Kartzela / Arte zela

Atzean geratu da Montevideo bi asteren ostean. Bi aste emankorren ostean. Hala ere, gustora etorri naiz Minas izeneko herrira. Hiri handi batek xurgatu egiten zaitu, eta behar nuen lasaitasun pixkat. Inguru erabat naturalean nago, mendixken artean. Gora Euskal Herriya!

Montevideo ataeran igaro dugu kartzela; Montevideoko kartzela zaharra, diktadura garaikoa. Hamaika jende igaroko zen bertatik: hamaika idazle, poeta, artista, musikari, pentsalari...Guztien ametsak katigatuta egongo ziren lau hormen artean, zuri-beltzean. Egungo ametsek kolorea hartu dute zeldetan. Kuadroak ikusi litezke, artelanak.


 Behinola sufrimendu toki izan zena arte-galeria baita gaur. Eta kartzelaren beste zati bat unibertsitate. Gizakiaren paradoxak: kultura deusezteko toki zena kultur-toki bihurtua. Ez legoke gaizki euskal presoak dauden zeldekin ere berdina egitea...

Diktadura amaitu zen eta itxi ziren kartzelak. Nola egiten ote du herriak amets, koloretan edo zuri-beltzean?

2010-09-13

El inglés que subió una colina pero bajo una montaña

Montevideok badu muino bat, bertakoek menditzat dutena. "El inglés que subió una colina pero bajó una montaña" filma gogorarazten dit. Film gomendagarria.

Rafa lagunak kontatu didanez, bi teoria daude Montevideo izenari lotuta. Espainiar konkistatzaileak barkuan zetozela (hitz zatarra konkista), zutabe handienaren puntan zihoana Portugesa omen zen (Asteriz eta Obelixek komikiero hondoratzen duten barkuan r-ak g egiten dituen beltza, zuek ulertzeko). Kontua da, kostara inguratzen ari zirelarik muinoa ikusi eta monte videu!, ohiukatu omen zuela; muinoa, Uruguay-ko 6.mendia omen da ekialdetik mendebaldera: monte VI de este a oeste = monte VI deo = montevideo. Zuek hautatu gehien gustatzen zaizuena.

Bertakoek diotenez, kontraesanen lurraldea da Uruguay; "El arroyo seco" izeneko ibaia daukate; Libertad izeneko herrian Uruguay-ko kartzela handienetako bat dago; Montevideon, kaieko merkatuan haragia saltzen da...eta Plaza de la Independencia-n dagoen bandera bakarra Ikurriña!!, da. Baina hau ez da kontraesana, ala?

"El rincón de los poetas" jatetxean bazkaldu nuen asteazkenean euskal adiskideekin. Ezin hobeto hartu ninduten; jende miresgarria, maitagarria, latza. Eta noski, kafea "Café Brasileron" hartu genuen. Ez nuen Eduardo Galeano topatu; ezin izan nion esan nire lagun batek asko miresten duela; ezin izan genuen bizitzaz eta heriotzaz jardun; latinoamerikako zain irekiez. 

Nik Galeano bai, baina nire laguna miresten dut gehiago. 

P.D. Iker berri bat jaio da Amerika Latinan, parranda eta tabakoa utzi eta sudadera urdin bat erosi duena.



2010-09-10

Heriotza ez da sindikalista

Heriotza ez da sindikalista
Ekainaren hogeita bederatzia greba eguna zen
Ez zuen grebarik egin
Guri Amona Maria eraman zigun 

2010-09-08

Candombe

Bitxia da ohiturak nola bihurtzen diren ohitura, eta nola eraldatzen diren denboran zehar, izaten duten bilakaera. Berrogeita hamar tanbor eta djembek soinu handia ateratzen dute, eta batera joz gero "candombea" osatzen dute Montevideon.

Afrikatik Uruguay-ra etorritako esklabuek eta beraien ondorengoek sortua omen da ohitura. Igandeetan geratzen hasi omen ziren tanborrak elkarrekin astintzeko, elkarrekin egoteko, festa egiteko. Egun, auzo bakoitzak bere "candombea" dauka, eta edozeinek har dezake parte. Igande goiz baterako alternatiba polita, mendira edo mezetara joan ordez. Larunbatean parranda egin eta zure lehio azpian egiten badute juntadizoa, putada bat.


Niri, Alegiko festak ekarri zizkidan gogora. Ostiraleko herri bazkariaren ondoren batukada bat ibili izan da kaleetan zehar. Eta batukadaren atzetik jendea dantzan, mozkor, burua galduta, gorputza astinduz, Lucifer berbera barruan balute bezela. Ezberdintasuna da mozkor festa bat dela gurea, eta hau berriz ekintza ia liturgiko bat.


Guk ikusi genuen "candombean" emakume bakarra ari zen tanborra jotzen. Dantzan hamar-hamabosten bat ari ziren, emakumeak denak. Badaezpada Montevideoko lagunei galdetu nien. Ez zekiten honen arrazoia. Izan liteke ohitura kontua; tradizioa; nahi duzuena. Badirudi tanborra jotzea oso maskulinoa dela, indarrez egin behar dena, serio, seguru. Dantzan irribarrez egin behar da, hanka-punttetan, gizonen erritmora, isilka. 

Uruguay-ko gizartearen isla ote?

2010-09-06

Zirkoa

Joseba Sarrionaindiak "Kolosala izango da" liburuan zion, beraiek haurrak zirenean zirkoa zerbait izugarria zela, kolosala, prestigioduna: ez zuela gaur egun duen konotazio despektiborik. Alegia, guk ulertzeko moduan esanda, gaur egun zirkoa Bulebarreko azken eguneko bertso-saioa da: Manillares Iturriaga, errespetu guztiarekin.


 Gu haurrak ginela Alegira etortzen zen zirkoa. Ez zen zirko kolosala; pailazoak izango ziren; animaliaren bat akaso; Espinete eta Donpinpon. Ez zen bere burua arriskuan ipiniko zuen bala-gizonik, abiadura handian kainoietik irten eta non eroriko zen ez zekienik. Erruletara itsatsita jiraka zebiltzan emakume lirainak telebistan bakarrik ikusten genituen, begiak estalirik zituen gizonak labanak eta aiztorak jaurtitzen zituen bitartean.






Gaur egungo munduak gutxi du kolosaletik. Erruletan jiraka gabiltzanoi begiak estalirik dituen munduak botatzen dizkigu labanak; ni labana hauek saihestu eta Montevideora etorri naiz. Kanoietik irten eta ez dakit non eta nola lur hartuko dudan. Halere, bala-gizonak segurtasun sarea duen moduan, nik ere badut larrialdian helduko nauen segurtasun sarea: Euskal Herria.