2011-04-30

Egunak izerdi usaiez igarotzen genitueneko melankoliaz

Ez genion galdera gehiago egin.

Goizean, Txilerantza abiatu aurretik gu despeditzera etorri da Alberto; kafea hartu dugu eta azken kontu saioa eta zigarro trukea egin. Penaz agurtu dugu adiskidea. Peruk utzi digun azken adiskidea.

Peru eta Txile arteko mugan poliziek baratxuriak, bi tipula eta platanoak konfiskatu dizkigute; poltsa bete coca hosto ez. Jendea baratxuria janda kolokatuko da Txilen...

Sua eskatzera etorri zaigu Alberto, poliziek gure maletak miatzen dituzten bitarten. Patuaren bitxikeriak. Alberto bat agurtu orduko beste bat ezagutu dugu. Pertsonajea hau ere. Peruarra hau ere. Iheslaria. Eta hirurogeita hamarren bat urte. Patua. Azalpen soziopolitikotan aurrekoan baina gehiago luzatu gara, baina ez sobera. Txilera iritxi orduko lagun baten ostatura eraman gaitu, eta afaltzera ondoren. Hogeita hamar urte baina gehiago daramatza Txilen; asko lagundu digu. Txilek utzi digun lehen adiskidea.

Bolivian eta Perun ia urte erdia igarota, arraroa izan da geure buruak Txilen ikustea. Itzuli gara errepide asfaltatuetara; ura iturritik edaten dugu eta ia egunero ur beroarekin dutxatzen gara. Badaude zentro komertzialak eta zinemak. Badago Barca - Real Madrid. Aurrerabidean doan herria. Gure atzera kontaketa hastearekin bat pauso bat atzera eman dugunaren sentsazioa dugu, ordea. Mundu eder bat eskuartetik kendu digutenarena, nola haurrari goxokia ahotik. Inzibilizaziora itzultzearena, egunak izerdi usaiez pasatzen genitueneko melankoliaz.

2011-04-26

Alberto

Alberto zuen izena, eta tipo ona zen. Hasieratik hartu genion halako aire misteriotsu bat, nobeletako pertsonaia baten traza. Denborak erakutsi zigun baietz, pertsona eta pertsonaia zela.

Gaua busean igarota, nekatuta iritxi ginen Peruko azken herrira, Tacnara. Motxila handiak bizkarrean, kalez-kale ibili ginen ostatu merkeenaren bila, ohi bezala. Eta ohi bezala, ostatu zahar eta kutreenera sartu ginen. Han zegoen bera sofan jezarrita, zigarroa ahoan. Eta ohi bezala, hasi ginen "Euskaldunak Munduan" bataiatu dugun azalpen soziopolitikoa ematen, zigarroa ahoan. Baina ohi ez bezala, pare bat kalada nahikoa izan ziren Albertok Euskal Herriari buruz asko zekiela konturatzeko. Elkarrizketa gehiegi luzatu gabe logelara erretiratu ginen, behingoz deskansatzera.

Gorputzaren behar fisiologiko gehientsuenak aseta, eskaileran behera gentozen kontu-kontari. Setazko zapi gorria lepoan, bibote eta perilla, lisatutako koloredun kamisa galtzen kanpotik zuela, han zegoen Alberto, zigarroa eskuan, beste mundu eta garai bateko dandya bailitzan. Ez genuen hitz askoren beharrik izan gertuko taberna batera trago bat hartzera joateko. Eta bi. Eta hiru. Kontalari ona zen Alberto; gure jakinminak eta ardoak lagunduta, azkar jakin genuen urte askoan Parisen bizi izan zela, Peruko diktadurari ihesi; han hasi ginen ulertzen setazko zapi gorria eta misteriotsu aire hura...

Eta lau eta bost nahikoa izan ziren Amerika Latinari, Euskal Herriari, nazio txikiei, sozialismoari eta existentziari hautsak kentzeko. Gaiztakeriaren bat egin duen haurraren begiratua zeukan, esaten duena baina gehiago dakienaren irri hasiera. Tabako gabe geratu ginenean erabaki genuen hostelera itzultzea; han bizi zen Alberto hirurogeita piko urterekin, berak zioen gisan existentzia ahalik eta modu xamurrenean eraman nahian, kolorea aspaldi galdu zuten horma xahar haien artean, bakarrik, esperando bere hitzetan.

Ez genion galdera gehiago egin.

2011-04-22

Desertua

"Hautazko desertua da
ez badago ur beharrik..."

Unai Iturriaga - Gu ta Gutarrak










Desertua da orbaindu ez den zauri bat; dei baten zain mugikorra eskuan duzula egotea, gauez.

Desertua da lagunarte bat inork zu kontuan hartzen ez zaituena; esan behar ez zenuen esaldi bat; jo behar ez zenuen larrualdi bat; taberna bat bakalloa ozenegi jarrita; bakalloa jarrita.

Basamortua da ama bat kartzelara bidean; amaierarik antzematen ez zaion errepide bat; ama bat kartzelatik bueltan.

NI-eko atasko batean tabakorik ez edukitzea da desertua; haginetako min bat; Errege Gauaren esperoan egotea, haur batentzat; zure gauaren esperoan egotea, niretzat.

Abenduko egun euritsu puta bat; esatera ausartu ez zinen esaldi hura, maite zaitut bat akaso.  

Desertua da sekula amaitzen ez den gezur bat; inoiz hasten ez den egia bat.

Eta oasi bat etorkizunean. Atacamako hau bezala.

2011-04-18

Balerionea

Ezagutu genuen guk Alegin lehengo munduko toki ikaragarri bat, lehengo munduaren azken aztarna: Balerionea. Bi motibok itxi zuten bodega ilun eta misteriotsu hura: Kalegora peatonalizatzeak, eta zaharren ultzerek.

Han elkartzen ziren herriko ardozaleak egunero, ardoa edan, gazta zaharra jan eta kontuak esateko, hurrenkera horretan. Ni, haurra nintzela, garrafoia hartu bizikletan eta han sartzen nintzen ardo ozpindu usaia herri guztira zabaltzen zuen zulo hartara. Begiak zabal-zabalik begiratzen nien zurrutero eta moxkorrei, eta harriduraz entzuten nituen kontu eta istorio zaharrak. Gerora ulertu nuen han zegoela benetako mundua eta jakintza; han zebiltzala airean munduaren Egiak eta Gezurrak. Oraindik ere, handik igarotzen naizenean, ardo ozpindu usaia nabaritzen dut airean, lehengo mendeko haize bolada batek ekarri bailuen...  

Ni ere banaiz tipo bat zurruteroa, dezente. Normala da aurrekari hoiekin; gustatzen zait erronda eta parranda, kantua eta bertsoa. Putada da, bastantekoa, bai Bolivian eta bai Perun jendeak eserita edaten duela. Eta niri edatea asko gustatzen zait, eta asko edatea ere bai, baina zutik. Eserita bazaude zure albokoekin eta parekoarekin hitz egiten duzu, harremana lineala da. Zutik gauzak nahasi egiten dira: hara eta hona zabiltza, honekin eta harekin hitz egiten duzu... Handiagoa da interakzioa.



Orain gutxi, eserita eta zutik, bietara edan genuen "Vista Alegre" ardotegian. Hainbeste denbora edan gabe egonda, ahaztua genuen ardoa burura igotzen dela. Eta ederki pasa genuen: reserva bat eskuan, Balerionearekin oroitu nintzen (ez bertako ardoarekin), Zarautzen Vista Alegren bizi diren lagun-minekin eta ttikiarekin, kuadrillakoekin eta zuek guztiokin orohar.

Topa, gure alde!



 

2011-04-12

Urrezko kaiola

Behin, askotan bezala parrandan genbiltzala, oso arraroa naizela esan zidan neska batek: joera bereziak omen ditut, eta gauza arraroak gustatzen omen zaizkit.

 Inoiz esan didaten lorerik politena izan zen.

Dirua eta itxurakeria nagusi diren mendebaldeko gizartean, arraro deitzen diote igande arratsean futbola ikusten ez duenari, autoak eta abiadura atsegin ez dituenari, urteetan galtza bakero berriak erosi ez dituenari.

Ia erotzat hartzen dute bakardadea atsegin duena, eta bakarrik mozkortzen dena ez dago ondo burutik.

Agian, ez dira ohartzen normala inperialismoak asmatutako adjektiboa dela; ez dakite normala denak ez duela askatasun pertsonalik; zoriona asteburuan eta hamabost eguneko oporraldian neurtzen duen gizaki askez osatutako herria, gurea. 

 Nik, besoak zabaldu lau haizetara harkaitz gainean eta kantari jarraituko dut, urrezko kaiolan aske direla uste duten txoriei begira.

2011-04-08

Ley Seca

Estatu Batuetan Ley Seca ezarri zutenean, alkoholiko kopurua inoizko altuena izan omen zen. Gure egunotan beste hainbeste gertatzen da ilegalak diren drogekin; kontsumoa goraka doa etengabe. Eta ez naiz datu ofizialez ari. Ostiralez eta komunez ari naiz. Gizakiak berezkoa baitu ilegalak diren gauzetarako joera.

Atzo jendeak izugarrizko ximaurrak harrapatu zituen Perun. Hauteskunde Orokorrak dira igandean, eta 48 ordu lehenagotik Ley Seca dago ezarrita. Gizarte zurruteroa izaki Perukoa, 48 orduko abstinentzia izugarria da; atzo majo kargatu zituzten gurdiak egun gogor hauei aurre egiteko.

Kuriosoa izan da hauteskunde kanpaina mendebaldarron begietarako. Edo begiradarako. Bost hautagai nagusi daude, kolore guztietakoak. Peruren etorkizuna dago jokoan, eta badirudi Ollanta Humala ezkertiarrak lor dezakeela boterera iristea. Hala, Amerika Latinak beste kolpe bat joko luke mahai gainean, Nicaragua, Venezuela eta Boliviaren ostean. Geratu izenarekin: Ollanta Humala.

Gurean ere hauteskunde urtea dugu aurtengoa. Urak nahasita daudela ematen du hemendik begiratuta, azken urte luze hauetan bezala. Baina agian behingoz indarrak Bildu eta mahai gaina kolpatzeko unean gaude gu ere. Hala, ohartu nahi duenik bada ohartuko da kontsumoa gora doala eta gizakiak berezkoa duela ilegalak diren gauzetarako joera.   

2011-04-04

Pisco

Bi gauzengatik da famatua Pisco: 2007an Perun izan zen lurrikararen epizentroa izan zelako, eta bertan egiten diren ardo eta mahats aguardienteengatik.

2007an 8 graduko lurrikara bortitz batek astindu zuen Pisco, herriaren %80a guztiz birrinduta utziz. Ehundaka lagunek galdu zuten bizia; gehienek elizan zeudela mezetan. Gogoan dut lurrikara izan eta gutxira Maialeni gaia jarri niola Peru eta lurrikararen inguruan. Nork esan orduan niri handik lau urtera nire begiz ikusiko nituenik etxe birrinduak eta mamuek harturiko kaleak; nola pentsatu irudia ipiniko nienik Maialenen hitz haiei...

Orduz geroztik herri tristea da Pisco; orduz geroztik ere bai behintzat. Usaindu egiten da tristezia eta miseria kaleetan. Hosteleko nagusiak, Ronaldo brasildarrak, herri arriskutsua ere badela esan digu; kontuz ibiltzeko kaleetan, gauez batez ere. Diru gutxi dagoela herrian eta azkenaldian ugaritu egin direla turistei bortxaz eginiko lapurretak. 

Kontuz ibilita baina ezagutu dugu herria eta bertako jendea. Jabetu gara gizakiaren txikitasunaz eta  Ama Lurraren, Pachamamaren botereaz. Hitz egin dugu maitasunaz eta heriotzaz. Minaz eta bizitzaz. Eta ia oharkabean errepideak hegorantza garamatza...