2011-02-04

Pasamontañas

Urteak dira ez diodala inori begietara begiratzen lanean ari naizen bitartean. Hitz egin ere jende gutxiri egiten diot; entzun eta burua gora eta behera mugitu bai. 

La Pazeko San Francisko plazan daukat nire aulkitxoa. Orain bostpasei urte-edo hasi nintzen lan honetan; burdel bateko zaindari izateak nekatu egiten du bat. Orain ez ditut mozkorrak eta cocainomanoak aguantatu behar; mezetatik ateratzen diren aiton-amonak izaten ditut bezero, edo korbatadun pijoren bat, edo despistatu aurpegiarekin dabilen atzerritarren bat.


Normalean egun osoa pasatzen dut plazan zeinen zapatak garbituko. Peso Boliviano baten truke ateratzen diet dizdira zapata berri eta zaharrei. Batzutan irudipena izaten dut zapata koxkan jarri beharrean buruan jarriko didatela, eta zapaldu eta zapaldu eta zapaldu zoruaren aurka txikitzeraino. Putakumeak. Ikusi egin behar zenuteke ze handitasun airez luzatzen duten hanka. Gustatu egiten zaie minutu batez bada ere norbait menpean, azpian izatea; agian beraiek bizitza guztia daramatelako norbaiten menpean.

 Aulkitxoan nagoen bitartean ez daukat izenik. Pasamontañas bat naiz. Pasamontañas bat eskuila batekin. Besteek pentsatuko dutenari ematen diogu garrantzia. Horregatik estaltzen dut aurpegia. Beraiek lotsarik sentitzen ez dutenez ni lotsatzen naiz; beraiez eta gizarteaz. Ondo nago itzalean, izenik gabe. Hori bai, joaten direnean, pasamontañasa kendu eta barrez lehertzen naiz malkoak irteteraino.

No hay comentarios:

Publicar un comentario