2010-11-24

Irabazleen zaldia

Irrintzi gorriz jauzika dator
irabazleen zaldia

Xabier Lete

Historia irabazleek idazten dute, eta horren aztarnak nabarmenak dira Amerika Latinan. Plazetan konkistadoreen monumentuak aurki daitezke; guztien buru Cristobal Colon, zaldi gainean. Buenos Airesen ere, Plaza de Mayotik gertu, han dago espiniarra lurrari hogeiren bat metro kenduta, argentinarrei goitik behera begira.

Ez da harritzekoa, beraz, oraindik zenbait lekutan bekaitzez begiratzea kanpotarroi. Asko sufritu duten herriak dira, Humahuaca-ko hau bezala, Bolibiako mugan. Mendeetan zehar kanpotarrok guztia kendu diegu, guzti-guztia, eta orain eguzkitako anteojoak jantzita etortzen gara beraien lurretara bueltan.Gure aldetik, zer gutxiago errespetu osoa baino. Hala ere, horrek ez du esan nahi bertako indigenak-eta ezagutzeko aukerarik izan ez dugunik. Hizkuntza gutxituak, galtzear dauden kulturak, borrokan ari diren herriak... Zoritxarrez guri ezagunak egiten zaizkigun kontuak. Ni indarrez eta esperantzaz betetzen nau munduan lehengusuak baditugula jakiteak, lanean eta borrokan jarraitzeko.


Irrintzi gorriz jauzika datorren zaldia beti ez dadin agintari, kapitalismo eta globalizazioarena izan; izan dadila herri txikiena, kulturena, hizkuntzena eta gauza ttikien munduan bizi nahi dugunona.

No hay comentarios:

Publicar un comentario