Futbola erlijio da Argentinan; bitxia, erlijioak sekta diren lekuan.
Arituan ikasi egiten da, eta ikasi dugu guk ere. Nongoa naizen galderak zein taldetakoa naizen ekartzen du atzetik; hasieran, futbola ez zaidala gustatzen izaten zen erantzuna: baietz, Casillasek Iker izena duela, nik bezala, baina hura ez dela euskalduna; baietz, ona dagoela Sara Carbonero; ezetz, ez nintzela poztu Espainiak mundiala irabazi zuenean; ezetz, ez garela ez espainiar ez frantziar.
Baina bat nekatu egiten da ezezagunei behin eta berriro, goiz eta gau, txapada berdina sartzen. Orain, egunaren arabera erantzuten dut, segun. Izan naiteke Athleticekoa, Villarrealekoa edo Boca Juniors-ekoa. Maita dezaket futbola, edo gorrota; sutsuki hitz egin edo paso egin; segun. Polita da jolastea.
Ezkerreko eta eskuineko, nazionalista eta konstituzionalista, urbano eta baserritar, proletariatu eta burges, futbola da guztiak elkartzen dituen droga. Beno, ez droga bakarra. Erromatarrek zirkoa zeukaten jendea entretenitzeko eta egungo agintariek futbola daukate. Ez hizkuntzak, ez kulturak, ez herriak, ez musikak ez gaitu batzen. Futbolak batzen gaitu.
No hay comentarios:
Publicar un comentario