2011-01-31

Kamaleoia

Bertsoa ez da bereziki faltan bota dudan zerbait hemen daramatzadan bost hilabete hauetan. Irlandan bizi nintzenean, esaterako, bertso asko idazten nuen, bertsoak irakurri eta entzun bata bestearen atzetik, nire buruarekin bertsotan aritu... Ahal dudanean saiatzen naiz Hitzetik Hortzera ikusten internet bidez, Buenos Airesen egin genuen bertso-afari bat eta adiskideek kontatzen didate txutxumutxuren bat edo beste. Hori da guztia

Hau azalduta, natorren harira. Larunbatean ospatu zen Donostian Bertso Eguna, urteroko moduan. "Kamaleoia", hala zuen izena aurtengoak. Kamaleonikoa baita bertsolaria, bidaiaria kamaleonikoa den moduan. Eta bertan gai-jartzen, adiskideetan adiskide, Egoitz Aizpuru. Ez dut gezurrik esango: inbiria pasa nuen, han ez egotearen inbiria. Saioaz gozatzeko modurik ez dut izan oraindik, baina entenditu handi batek esan didanez, nire amak, oso ona izan omen zen. 

Ez dakit zer egingo nuen hor egon banintz larunbatean. Egoitz Aizpuru izan dut urteetan zehar Bertso Eguneko adiskide; alargun geratuko nintzen. Pentsatzen dut Felixek emango zidala lutotik ateratzeko aukera eta utziko zidala berarekin joaten. Edo ez. Orain bizpahiru urte, egun osoko poteo gogorraren ostean txispaz armaturik iritxi ginen afaritara, eta ez nion kupeletatik nahi ordurako alde egiten utzi gizajoari...
 
Burutazio hauekin nebilen larunbatean, apur bat melankoliko, aizu, berriro bertsoaren arra barrura sartu zitzaidanean. Interneten errimaturik topatu nuen guztia irentsi nuen eta gaiak pentsatzen hasi nintzen. Gipuzkoako Txapelketaren itzala ari da gerturatzen pixkanaka, eta ilusio berezia eragiten dit horrek. Badudala gogoa berriro bertsoaren zurrunbiloan sartzeko, aizu.

Azken zertzelada bat. Hitzetik Hortzeran iazko saio onenen laburpenean, hiru saio izan ziren musikatuak, eman zituzten saioen ia erdia. Eman dit zer pentsatua horrek. Badakit zuen artean asko dakien jendea dagoela; trukatuko nuke iritziren bat edo beste norbaitekin...

2 comentarios:

  1. Aspaldi hitzegin gabe, diskutitu gabe, gaudela eta, botatako puntua erantzutea pentsatu diat, iritzia trukatzea alegia.
    Norbaitekin eskatu eta aurrena konfidentziala bidaltzea pentsatu diat, baiño hire lagunek nereak ere izan daitezkeelakoan bertan erantsiko diat.
    Hasteko, ez HH zuritze aldera, baño saio onenetan tokatu egiten dituk horrelako gauzak onena izan nahiatik aparte urteko isla izan nahi duelako. Kantuan ere, bi alegiar ateratzen dituk eta ez nikek gure herria halako bertso-rankinean jarriko.
    Hala ere arrazoi duk. asko ugaldu dituk eskeintza berezi horiek. Nik autoantolaketa, desberdintzea eta taldea azpimarratuko nituzke.
    Bertsolariek deia noiz jasoko zain egon beharrean beraiek zerbait eskeini nahi izatea, eskeintzen den hori betikotik kanpo, pertsonalagoa izatea etorri daiteke hurrengo eta batez ere taldean egitea. Bertso eskolen eraginez, juergatako prestakuntzek bultzata... gero ta gehiago hasi da bertsolaria taldean entrenatzen, prestatzen... eta batez ere aipatutako hiru puntu horietan sartuko dek ondo pasa nahia. Hor sartuko dek, musika, doinu bereziak, mozorrotzea, desmelenatzea (bueno denak ez)
    Nik oso ondo pasatzen diat holako saiotan eta jendeak geheinetan ere bai. Hori horrela, telebisatara ekartzea ere errexagoa dek, oraingo telebisten “eskakizunetarako” egokiago igual.
    Zer adierazi nahi dek, zer galtzen den eskakizunetara makurtzean, zer irabazteko ?
    Hik ere esan zeozer.

    Begibistako dek ondo habilela eta horregaitik ez diat horretaz galdetu. Ondo izan eta mozorrotuta etorri.

    Felix

    OHARRA: Testu luze hau irakurtzeko musikaren bat eranstea pentsatu diat, baino behar badek, herorrek musikatu

    BESTE OHARRA :
    Aurten eskean utzi dizkiau
    Artola ta Imanol biak
    Santa Yageda bezperaren bat
    ba al dauka Boliviak?

    HIRUGARREN OHARRA:
    Portzierto Santayageda aspaldikoa dek, eta musikatua....

    ResponderEliminar
  2. Nik neretik erantzungo diat, Felix. Aupa hi laostia!!

    Nik uste gure saioen kasuan ondo pasatzea dela helburu beste ezerren gainetik. Ez saio arruntetan gozatzen ez dugulako, baina bai saio hauek "gureago" sentitzen ditugulako; egia dek, saioa prestatzeak lan handia eskatzen ziguk. Hiru edo lau aldiz geratu behar izaten diagu planninga eta doinuak adosteko, afari-paxara bat eginez, baina guk horixe nahi.Horregatik dek saioa "gureago".

    Nik uste saioen betiko formatua, arrunta, beti bezain ongi ari dela funtzionatzen. Amak esan zidak bi saiotan-edo izan dela azken hilabetean eta bietan aretoak beteta izan direla.Ez zagok zalantza izpirik betiko saioek beti bezela "funtzionatzen" dutela, eta "funtzionatuko" dutela.

    Orain, nik uste ikusle-entzuleak eskertu egiten dituela gure ahaleginak ere. Badek bertsoa jende hain bertsozalea ez denera ere hurbiltzeko modua; nire kuadrilla adibide. Nire kuadrillako zenbaitek, bertsozale ez direnak, izugarri gozatu izan diate inprobisatuz Bob Dylan eta Camarón entzunaz. Bertsoa tostoi (tostoi de tostón, ez idazle errusiarra) izatetik festa-modu izatera pasatzen duk askotan.

    Eta badakik, festa denoi gustatzen zaiguk. Eta gaztea tartean den momentutik mumigendua seguro. Etzakiat, agian oraindik beste formaturen bat asmatzeko edukiko diagu, eta bertsolari batek inprobisatuz talde batekin kantatuko dik, berak nahi duen lekuan eta momentuan. (Oroit Sarasua eta autore bertsolaritza).

    Ta holaxe ba Felix. Eskuminak eman etxekoei ta herrikoei.

    Biba gu!!

    p.d. Ai Bolivian jendea badek
    batean eta bestean,
    Santayagedan zain egon gabe
    aritzen dituk eskean.

    ResponderEliminar