2011-05-21

Txilenak. Zertzeladak II

Zergatik da futbola batzen gaituena, eta ez Euskaltel?

Nork egin ote zuen lehen txilena? Jendeak txilenak egiten jarraitzen du futbol zelaietatik kanpo, bizirauteko. Haurrak hankutsik dabiltza futbolean, lata huts bati joka. Kale ertzeko eskale bizar-luzea gaur ez da eskean ari. Poliziak eta bandaloak festan dabiltza elkarrekin. Berdin du. Gaur Bocak irabazi du.

Valparaisok izena ondo jarrita dauka, oso. Harribitxi bat Pazifikoan. Berlin gogorarazi dit, eskala txikian. Okupak jende ona dira. Bidaiatzeko batez ere; ohituta daude egunak egoten dutxatu gabe. Tipo ona Chapy hau. Australiarra. Txilek utzi didan azken oparia.

 








Ederra dago Aconcagua ilargi betearen argitan. Poliziak lau orduz potroak ikutzen aduanan. Beraienak eta guri. Lorik egin gabe itzuli naiz Argentinara. Mendozan Andeak eta ardoa. Bi egun. Córdoba. Estebanek eta Terek euren bihotzak eta etxea zabaldu dizkidate. Euskaldun sentitzen den argentinarra, Esteban hau. Bilbon urteak igaro zituen. Bihotz-taupadak badoaz goraka.

Haurra nintzela, Errege Eguna baina pare bat aste lehenago edo, amak egutegi moduko bat jartzen zidan sukaldeko arraskaren azpian. Gaua iristean X batekin markatzen nuen igaro berri zen eguna; X gabeko egunak kontatzen nituen gero, opariak jasotzeko zenbat lo egin behar nituen jakiteko. Hamabi egun daude X gabe nire bihotzeko egutegian; hamabi lo falta zaizkit nire oparia besarkatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario