2011-05-04

Zabor kamioiak edo amildegia gauean

Auskalo zenbat ordu eman izango ditudan busetan hilabete hauetako ibileretan; gauez asko eta asko. Gauez bidaiatuta dirua eta denbora aurrezten dira, gau horretan busa izaten baita ostatu. Azken gau honetan bezala: iritxi berria naiz Txileko hiriburura, Santiagora, hamar orduko bidaiaren ondoren.

Berez naiz ni lo txarrekoa, eta autobusetan eta hosteletako gela konpartitutan muturreraino joaten zait gabezia. Hemengo zarata, hango zurrunka, lo ordu behar luketenak musikari eta irakurketari eskeintzen dizkiot, azkenean gorputza jarri egiten da-eta lo gutxirekin ibiltzen.

Inbiria ematen dit ohean etzan orduko ametsen mundura jauzi egiten duen jende klase horrek, inbiri alua. Bakarrik lo egiten duen horrentzat bestela ere nahiko handi baden ohe bikoitza handiagotu egiten da lo hartu ezinean, gauaren amildegian. Kafea eta tabakoa dira onak lotarako; eta guk besterik igoal ez, baina bizioa?!, badegula bizioa, aixkide.

Hori bai, emankorren ere gauaren isiltasunean naiz: idazteko, gaiak pentsatzeko, irakurtzeko, meditatzeko...edozertarako. Herriak lo hartzen duenean bihar jeiki eta erruletari jaten emateko, produkzioak, diruak eta garapenak etenik izan ez dezan, orduantxe hasten da eguna zabor kamioientzat eta niretzat. Edo kamioientzat eta nire zaborrarentzat. Ordu txikitan balkoira atera, herriari azken begiratua eman eta eguerdirarte ohean geratzea bezalakorik ez dago, jendea lanera doan bitartean.


Berandu oheratzeko beste pisuzko arrazoi bat parranda da, noski. Baina oheratzean asko kostatzen zait loa berdintzea eta deskansatzea, batez ere herriko festak edo Inauteriak direnean. Festan zabiltzala ederki pasatzen dituzu hiru-lau egun; gorputzari suministroa moztean hasten dira komeriak. Begiak itxi eta aurpegiak eta musika eta txarangak eta irudiak nahasten dira kalejira amaigabean; momentu horretan egiten diozu zin zeure buruari hurrengo urtean herritik alde egingo duzula.

2 comentarios:

  1. Este comentario ha sido eliminado por el autor.

    ResponderEliminar
  2. kaixo Ikerlitxu!
    de momento he perdido el email de murciana_...
    Te mando este otro hasta nueva orden: cristina.marmad@hotmail.es

    El 31 nos vemos seguro.
    Te escribo pronto.
    Salúdame a los chilenos!
    Cuídate muchiiiiiiiiisimo
    C.

    ResponderEliminar