2010-10-03

Irizarren ekarpena humanitateari

Leku zoragarria dira autobusak; denborapasa hoberik ez dago munduan. Ez daki ondo Irizarrek humanitateari egiten dion ekarpena. Jendez gainezka joaten dira Uruguay-en beti, eta mundutxo bat elkartzen da bertan: haurdun dagoen emakumea, negarrez ari den umea, erosketa poltsekin doan amonatxoa, musika entzunez alboan eseri zaizun Bon Jovi ustekoa buruan zinta duela eta mugikorretik autobus guztiarentzat hizketan ari dena. Merezi luke azterketa soziologiko bat autobuseko fauna eta florak. 

Espezie guztietan gehien nabarmentzen dena mobillarena da. Erretzea debekatuta dagoen moduan, debekatuta egon behar luke leku publikoetan telefonoz hitz egiteak. Jendeak badauka halako zera bat busean edo trenean sartu orduko norbaitekin hitzegin beharrekoa, norbait hori geltokian agurtu berri badu ere. Ez zaigu inporta zure bizitza, che!

Ez zaigu inporta zure bizitza... geuk bat asmatu nahi dizugulako. Atzeko aulkietan esertzen naiz ni beti autobusean. Beno, orohar joaten naizen leku guztietan. Kontua da buru-ariketa bat ipini dudala martxan hemen: busean nire inguruan doazenen bizitza nolakoa izango den imajinatzen dut: adina, lana, sexua, sexu falta, zaletasunak... nahi adina gauza. Egin aproba. Konturatzerako geltokira iritxiak zarete. Sexua... Ezagutzen dut bere fantasia sexual gorena autobusean larrutan aritzea duenik ere, martxan doala eta jendearekin, noski. Nik esku bat botako nioke fantasia errealitate bihurtzen... ez neregatik eh!      

 Beste bitxikeria bat ere bada Uruguay-ko omnibusetan (hala deitzen zaie hemen). Saltzaileak ibiltzen dira barruan; erropa, janariak, edariak, tresnak, sarrerak... baita amona ere, denetarik eskeintzen dute. Egiari zor, ez dute gehiegi saltzen, baina autobus-espezie berri bat sortu izanaren poza inork ez die kenduko sekula.

Autobusez ari garela, Josu Iztueta, Ander Izagirre eta enparauek Nairobitarra IV  izeneko proiektua jarri berri dute martxan. Tolosako bonberoen (EZ Bonbereneako) aparkalekuan dago, Amarozen, eta geldirik egongo da. Gurpilak mugitu ez arren munduko edozein txokotara bidaiatzeko aukera izango du barnean sartzen denak. Animatu eta egin buelta bat!


2 comentarios:

  1. Bakizu, kooperatibismoa nagusi Irizarren. Ba al dau kooperaziorik amerikalatinan

    ResponderEliminar
  2. Hermano! Hemen elkarrekin kooperatu ta aurrea iten nahiko lan, che!

    Eongogatxik! Gora Loidisaletxe!

    ResponderEliminar