2010-10-21

Txistuka

Izututa iritxi zen, motxila sorbaldan, urduritasunak eraginda txistua joz, txistu absurdoa, inozoa. Ez zekien zer topatuko zuen hiri handian, jendeak berataz hainbeste hitz egin zion hiri handian. Barkutik jeitsi orduko izua lilura bihurtu zen: jendearekiko, kaleekiko, usaiekiko, abiadurarekiko. Pentsatu zuen berak ere aurkituko zukeela bere tokitxoa han biziz gero.
Lehen egunetik egin zituen lagunak, euskaldunak eta argentinarrak. Kontzertuetara  eraman zuten, zinera, teatrora, zirkora... Oso komodo sentitzen zen artaldean. Goizean jeiki eta zabor kamioiak eta autobusak eta autoak eta jendea eta aurpegiak ikusten zituen balkoitik; zer ikusirik ez bera ohituta zegoen belaze eta ardiekin. Oso zegoen komodo.

Goizuetar batek trinketera gonbidatu zuen arte. Ahaztua zuen aspaldi batean lehiakorra izan zenik ere, pala eskuan hartu artio. Azken sakea egitera zihoala otu zitzaion lehen aldia izango zela gipuzkoar batek nafar bati irabazten ziola Tolosak Retegi garaitu zuenetik, laurogeita bederatzian-edo.
  











Biharamunean, liburutegi batetik itzuli berria zen Euskal Etxetik deitu ziotenean. Bertso-afari bat antolatu nahi zuten eta ez zegoen non aukeraturik asko: Egoitz Zelaia hendaiar bertsolaria eta bera. Zalantza egin zuen, baina banidadeak eta narzizismoak gain hartuta, baiezkoa erantzun zuen. Gau ahaztezin baten lehen urratsa...

 Halatsu pasa ziren bi aste. Autobus geltokirantz zihoala, irudipena izan zuen hiri handietan jendea lehenago zahartzen denarena. Euskal neskei argentinarrak hainbeste gustatzearen misterioa ere gustora jakingo zukeen. Huraxe izan zen momentua; azentu argentinarra imitatzen hasiko zen.

Burutazio hoietan zebilela sartu zen Retiroko bus estazioan, jendartean barna, bi aste errepikaezin bizi izandako sentsazioarekin, motxila sorbaldan, Ruperren kantu bat txistukatuz. Bazihoan bidea aurrera...

1 comentario: