2010-10-28

¿Por qué no se moja en Uruguay?

- ¿Por qué no se moja en Uruguay?
- Porque encima tienen a Paraguay. 

Hostel ponpoxo honetako terrazatik, Parana ibaiaz harat, Paraguay ikusten diat, eta hirekin oroitu nauk ezinbestean. Nori ez ote diok txiste hori kontatu aurtengo udaran?

Argentina, Brasil eta Paraguay-ko mugatik oso gertu bainagok. Posadas izena dik herriak, eta Iguazuko ur-jauzietatik gertu zegok. Bero egiten dik; hasi dik bero egiten, bero hezea. Hor ere bero egin zian udaran. Gu gauez ibili gintuan gehiago, beroa saiheste aldera, baina azkenean eguerdiko eguzkia ere harrapatzen genian.

Nik banian premia, egia esan. Badakik, arrazoiak ere banizkian horretarako; hik ere bai. Osasuna galduko genian akaso, bizi-urte batzuk, baina ehundaka sentipen eta lagun berri irabazi. Lagun zaharren bat haserretzeko arriskua ere egon zuan, baina beste kupel bateko sagardoa duk hori. 
 
Chaco izeneko probintzian egon nauk, astebete-edo. Argentinako zona pobreenetakoa omen duk. Beraiek, Lehen Mundu deitzen dugunaren inbiritan bizi dituk, eta niri beraiek eman zidatek inbiria. Bizitza, zer duk ba bizitza? Gauza materialen eta diruaren pilaketa? Ala seme-alabekin eta lagunekin egoteko denbora, irrafarra, ipuinak, abestiak, ilargia, ardoa?

Egineko gizartea duk gurea. Hau egonekoa.

Argentinako lehendakari ohia hil duk gaur, bihotzekoak jota: Nestor Kirchner. Bere emaztea zegok boterean berak legealdia bukatu zuenetik. Jendea triste eta penaz zegok, hi, zinezko doluan. Imajinatzen duk hor presidente edo presidente ohien batekin hori gertatzea? Kortxoak soinua aterako likek txanpaina zabaltzean...

Burua kuadernotik altxa, ibaiaz bestaldera begiratu eta melankoliko jarri nauk. Badakik, erromantiko puta ni.  Ardo boteila bat irekiko diat afaltzeko. Merezi dik atalaia honek hainbeste. Eta hik ere bai...

Ah!, ¿Por qué el emperador Cesar, bai mote, Asterix eta Obelixekoa, buruan erramu-koroa erabiltzen ziana, por qué el emperador Cesar andaba siempre con sandalias? 

No hay comentarios:

Publicar un comentario