2010-10-07

Maskotak

Lehengo astean, Irailaren 28an, nire bi lagun-min guraso izan ziren. Zorionak Nahikari eta Jon, eta muxu bat Unax ttikiari!

Iritxiko ote zait noizbait niri eguna? Nahiko ote dut inoiz? Aurkituko al dut pertsona egokirik? Edo jadanik aurkitu dut pertsona hori eta berak ez du nahi... nirekin behintzat. Oroitzen autobusekin fantasia sexualak egiten zituen hura...

Ez dakit egungo gizartean haurrik eduki nahiko nukeen ere. Ez dugu astirik hartzen haurrak hezteko eta hazteko, ni bezelako irakasleengan?!, datza umeen edukazioak neurri handi batean eta lana lehenesten dugu ororen gainetik; eta hala ez denetan, geuk egiten dugu lana garrantzitsu, bigarren pisua edo 7 kiloko furgona ordaindu behar ditugulako. Ez dakit jendeak ez ote dituen haurrak izaten por que toca, "besteek ere egiten ditek ta guk ere egingo diau".

Bitxia ari zait suertatzen nire inguruko jendea guraso izaten ikustea. Nirekin parrandan ibiltzen ziren haiek, karrotxoari bultzaka ikusten ditut orain igande goizetan, ni etxeratzen naizenean. Noizbait nirekin oheratu zenen bat ere ikusi dut kalean tripa handi-handiarekin, mutilari eskutik helduta; nirekin oheratu ez zen mutilen bat ere ikusi izan dut tripa handi-handiarekin neskari eskutik helduta, baina hori ez dator kontura.

Eta badoaz urtaroak. Eta gu ere bagoaz. Gero eta gutxiago gara ginenak, gero eta urrutiago ginenak. Zahartu nahi ez dugunok ere aurrera darraigu; nik ez dut loturarik nahi. Agian horregatik ez dut sekula txakurrik eduki. Datu bat: noizbait maskotaren bat eduki duten  guztiak guraso izaten dira gerora. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario