2010-12-26

Semaforo gorria

Bi txanponek soinua atera dute sonbreroaren barruan, haize bolada batean. Gizonezko batek zigarro-muturra lurrera bota eta eskuineko eskua patrikan sartu du, baina ez du txanponik bota. Beste eskuan zorro bat du; zorroaren barruan kaxa bat, oparitarako paperean bilduta.

Gitarrajoleak kalea gurutzatzen ari den txakurrari begiratu dio. Zikin daude kaleak argi-apaingarrien azpian. Haizeak ekarrita plastikozko poltsa bat katigatu zaio ezkerreko hankan; txakurrak bezala hanka mugitu eta poltsak bere bidea jarraitu du haizetan. Gitarrak zintzilik ditu bi soka. Geratzen zaizkion lauekin don`t let me down izan nahi lukeen kanta jotzeari ekin dio.


Jendea gora eta behera dabil kalean, presaka. Bero dago. Plastikozko elurrezko panpinak urtzen ari dira eguzki galdatan. Maiteminduak kafetegietan daude, elkarri heldutako eskuak mahai gainean dituztela. Mozkorrek kartoietik edaten dute ardoa parkean. Hankutsik dauden hiru ume zerbeza lata huts bati ari dira ostikoka, baloia bailitzan.

Gitarrajoleak geratu egin behar izan du kanta erdian. Bera dagoen koxkako ile-apaindegia ixten ari dira; berak ere hobe zukeela barbero izan, horixe pasa zaio burutik. Bolivian kalborik ez dagoelako.

Semaforo gorrian kotxe bat geraturik dago. Bentanillatik zigarro baten kea doa zerurantza. Neska ile-motz bat ari da zebra-bidea gurutzatzen. Bentanillara hurbildu eta muxu eman dio ezpainetan. Ezagutzen dute elkar. Neskak bere mutilarekin afalduko du gaur, baina kotxekoari joko dio larrua bihar.

Gitarrajoleak jaso du gitarra, eta pauso astiroz badoa. Gabon gaua da Santa Cruzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario