2010-12-10

Lotsa Potosin

Aurrean duzu Potosi. Ordena handirik gabe eraikitako etxe multzo handia. Munduan altuen dagoen hiria, 4070 metrotan.

Haizea hotz dabil Cerro Ricon. Dauzkazun jertse guztiak soinean eramanda ere hotz. Are hotz handiagoa eragin dizu mendi honen erraietan 8 milioi indijena eta esklabu hil direla jakiteak.










Orain 400 bat urte mendia nolakoa izango zen imajinatu nahian zabiltza. Zilarra egongo zen bazter guztietan, eta espainiarrek zilarraren dizdira guztia nahi. Egun, bestelako metalen bila galtzen dute bizia boliviarrek, mendiari sekula itxiko ez zaizkion zaurietan barna. "La mina del diablo" dokumentalean agertzen diren zauri ber-berak.

Badakizu Potosi orduan Amerika Latinako hiririk aberatsena zela. Nonbait irakurri duzu 1658.urtean, Corpus Christi ospakizunetarako kaleak zilarrez eraiki zituztela espainiar konkistatzaileek. Hotzaz haraindi, lotsa eragin dizu guzti horrek, gizatediaren parte izateaz lotsa.


Beste eztanda bat entzun duzu mendiaren erraietan. Cerro Ricok hiriari izena ematen jarraitzen du, Potojsik eztanda, trumoia, esan nahi baitu quechuaz. Azken begiratu bat eman mendiari eta "Bar Chatarrara" abiatu zara, kafeak eta keak ezinegona goxatuko dizutelakoan.  

No hay comentarios:

Publicar un comentario