2010-12-06

Zigarroa Aconcaguan

Ostiral batean, askotan bezala poteoan genbintzala, kuadrillako batek parrandaren historian urrezko hizkiekin idatzita geratu den esaldia bota zuen: "- Asteburu hontan nire burua proban jarri behar diat." Esandakoa bete eta zurrutean igaro zuen asteburu osoa.

 

Nik ere proban ipini dut nire burua lau egunetan. Ez ez ez ez ez, ez gaizki ulertu; resaka batekin nahikoa izan nuen. Kontua da tour bat egin dugula Bolivian. Zenbait lekutara iritxi nahi baduzu ez zaizu beste modurik geratzen, eta artaldeak egiten duena egin behar duzu: belarra jan eta kaka egin. Kaka egiteko modu ezberdinak badaude: kotxean iritxi, argazkia egin eta ospa!, beste argazki bat gehiago izango duzu lagunei erakusteko eta blog-ean jartzeko; edo saia zaitezke bertakoak ezagutu eta hitz egiten: quechuaz eta aimaraz kaixo eta agur esaten ikas dezakezu, nola antolatuta dagoen hezkuntza sistema, zigarroak elkartrukatu, Evori buruz diotena entzun adi... Gehiengoak lehenengo paperarekin garbitzen du ipurdia. Gutxienez konstituzioa erabiliko balute horretarako...

Horrek ez du esan nahi bisitatu ditugun lekuak ikaragarriak ez direnik. 4000-5000 metrotan egin dugu lo; sumendiak, lakuak, desertuak, denetarik igaro dugu eta munduko salarrik handiena ere ezagutu dugu: Uyuniko Salarra. Agian 5000 metrotan egonda zer sentitzen den galdetuko duzue...

Orain urteak, Aconcaguara etorri ziren alegitar batzuk. Mal de alturak jota, ezin izan zuten gailurra lortu; mendirako asmorik gabe, sukaldari bezala etorri zena soilik igo zen Aconcaguara. Alegira bueltan, askotan bezala poteoan zebiltzala, gailurrean zer sentitu eta zer egin zuen galdetu zioten. "- Zer egingo nian ba, zigarroa erre!" Nik ere horixe egin nuen, zigarroa erre.     

1 comentario:

  1. horrek mereziko zian "roslei" txikia gutxienez...
    baina nere bezinoak zioan bezala:
    -txintxarri okin, alperriek...

    ResponderEliminar