2010-12-30

Kafeko Tomax

Iragarki batek dio Euskal Herrian euriari xirimiri deitzen zaiola, eta irabazleari txapeldun, baina Alegin Kafeari Letamendia deitzen zaio. Gure kuadrillan sakratua da Eguberri Egunez eguerdian egiten dugun poteoa igandetako erropak jantzita, eta Kafea izaten da abiapuntu. Iaz dozenerdi kriantzatik gora edanda joan nintzen bazkaritara, gurdia majo kargatuta.

Hemen ez nuen poteorik egin Eguberri Egunean, eta faltan bota nuen. Bero egin zuen, bero sargoria. Baina bestela ez nuen ezberdintasun handirik topatu ia Amazonian egonagatik; iparrak kutxatutako Eguberriak dira hemengoak. Santa Claus eskuan Coca-Cola botila bat duela ageri da, lehen zuri-berdea zen Santa Claus bera Coca-Colak erosi arte, eta jaiotzetan elurra ipintzen dute berrogei gradutan egon arren.

Gabon Gauean ez nuen Nacho de Felipe ikusi djembea joz, burua gora eta behera mugituz. Buffet bat topatu nuen zabalik eta han afaldu nuen, sinple eta ligero. Nire buruari Olentzero joan zaigu...INTENTZIOAREKIN... kantatu eta ohera joan nintzen. 

Bihar ezingo dut presoak etxeratzearen alde herrian egiten den manifara joan, eta aurten lehen aldiz antolatu duten San Silvestretako krossean korri egin arreba, koinatu eta ilobekin. Ez dut kuadrillarekin poteatuko, eta ez ditut herriko tabernetako pintxoak jango, debalde ematen dituzten urteko egun bakarrean. Ez dakit mahatsik jango dudan. Badakidana da ez nituzkeela jango, baina gogoratuko naiz anaia nola hasten den pailazoarena egiten eta ama nola bigarren mahatserako barrez hasi eta ia itotzen den. Eta Urte Berri egunean ez ditut eski saltoak ikusiko Televisión Españolan, lo egin ezinean. 

Hemengo jendea, Santa Cruzekoa, Boliviako behe-lurretakoa, ez dakit Urte Zaharra ospatzeko umorez dagoen ere. Gaur greba egon da gasolinaren prezioa bikoiztu dutelako. Manifetan ohiu gogorrak entzun dira Evoren aurka eta haserre dago oso jendea. Nik manifaren zati bat beraiekin egin dut, eta "Presoak Etxera!" ohiutxo batzuk egin ere bai; hor nengoela sentitu dut momentu batez.   

No hay comentarios:

Publicar un comentario