2011-03-27

Historiari erreparatuz

"Ene, gizonik ez balego, orduan zer?
Ene, gizonik ez balego, orduan bai pagotsa."

Ruper Ordorika

Saiatuko naiz buruan darabilkidana txapada handiegirik sartu gabe esaten. Saiatu saiatuko naiz, baina ez dizuet zin egiten.


Gizakia da gauza bat miserablea, berekoia, gorrotagarria. Peru hartuko dugu adibidetzat. Peru esanda Inkak etortzen zaizkigu guztioi garunera; diot, garundunoi. Egunotan Inken aurretik izan ziren bi zibilizazio ezagutzeko aukera izan dugu. Mochicak eta Chimúak. Ez zaituztet datuekin itoko. Mochicak III. eta IX. mendeen artean existitu ziren, orduan auskalo nola deitzen zen Peruko kostan; Chimúak IX. eta XIV. mendeen artean. Hau ez bedi gaizki ulertu: ez Darwin-en Eboluzioaren Teoriako Tximuak, hauek aspaldiagokoak dira. 


Harrigarria da nola mantendu diren beraien Tenplu Sakratuak (saindu ez zait batere gustatzen) gaur egunerarte, lurrikara eta uholde artean. Egun, txamanek-eta erabiltzen omen dituzte beraien zeremonietarako. 

Munduaren historia, konpai. Chimúek Mochicak menperatu zituzten lehenengo, eta ondoren desagertarazi. Inkek berdina egin zuten XIV.mendean Chimúekin; ondoren datorrena badakigu: españolak, Colón, Pizarro eta ehun urteren buruan akabo Inkak.

Hau Perun. Baina munduan historia berdina izan da leku guztietan gizaldietan zehar. Beraz, historiari erreparatzen badiogu, gure zibilizazioak ere desagertu behar luke. Nola? Nago, Pachamamak, Ama Lurrak jarriko dituela gauzak bere lekuan eta desagertaraziko gaituela lurrazaletik. Ez dugu besterik merezi. Alegin ere, Intxurren hasi omen dira makinak mendia zulatzen trena pasa dadin, abiadura handian. Horixe ba, ez dugula besterik merezi.   

No hay comentarios:

Publicar un comentario