2011-03-19

Kontua ta zikina


Ni il naizela sortu omen du
Aurriñazpiko atsuak,
pena galanta artuko zuten
siñare ta gurasuak.
Ai zer negarrak nere koñata
eta illoba gaixuak!
Bizi naizela jakiñ dezaten
jartzera nua bertsuak.

Joxe Manuel Lujanbio "Txirrita"

Alegitarrok, dendariok, tabernariok, lagunok, Ixkiñan kafea hartzen duzuenok: kontuz! Ez nago Rio de Janeiron. Ez adiskideok ez; Liman nago.

Orain pare bat egun-edo kuadrillako lagun batekin hitz egiteko plazerra izan nuen, lagun handia bera. Hainbeste hilabete eta kilometro ondoren barrena ukitzen dizu horrelako adiskide baten ahotsa entzute hutsak. Huntaz eta hartaz aritu ginen; gazteleraz zenbat hobetu dudan ikus dezazuen, de lo humano y de lo divino. Badakizue: txutxumutxuak, Inauteriak, politika, ametsak... Hala zabaldu omen da herrian: Rio de Janeiron nabilela Karnabaletan Bilboko neska batekin. Tocate la vaina Mololo! Wazemankeko "Kontuba ta zikiñako" sketcha zirudik honek. 

Herri txikia, infernu handia gogorarazi zigun esaera zaharra Bolivian egin genuen Eskoriatzako Fernando lagunak. Hurrengoa bizitzen Brasilen geratu naizela izango da, eta azkena Ronaldinho Iriarte bat jaio dela Rion, no te jode. Ez uste pentsatu ez dudanik. Diot, ez Ronaldinhorena, propio behintzat, bizitzen geratzearena baizik. Zorrak pilatzen ari bainaiz Ixkiñan. Ekainaren erdialdean bazkari pottolo bat izaten dugu kuadrillan urtero; nire zorrak hiru zifratara gerturatuta omen daude. Kauendio... hau dek harrie hau!

Alegitarrok, dendariok, tabernariok, lagunok, Ixkiñan kafea hartzen duzuenok tabako kerik gabe: kontuz! Zaindu zuen mihiak. Liman nago baina ez zarete nitaz hain erraz libratuko. Ez egin negar, itzuliko naiz, egunen baten pozez kantari...
   

No hay comentarios:

Publicar un comentario