2011-04-12

Urrezko kaiola

Behin, askotan bezala parrandan genbiltzala, oso arraroa naizela esan zidan neska batek: joera bereziak omen ditut, eta gauza arraroak gustatzen omen zaizkit.

 Inoiz esan didaten lorerik politena izan zen.

Dirua eta itxurakeria nagusi diren mendebaldeko gizartean, arraro deitzen diote igande arratsean futbola ikusten ez duenari, autoak eta abiadura atsegin ez dituenari, urteetan galtza bakero berriak erosi ez dituenari.

Ia erotzat hartzen dute bakardadea atsegin duena, eta bakarrik mozkortzen dena ez dago ondo burutik.

Agian, ez dira ohartzen normala inperialismoak asmatutako adjektiboa dela; ez dakite normala denak ez duela askatasun pertsonalik; zoriona asteburuan eta hamabost eguneko oporraldian neurtzen duen gizaki askez osatutako herria, gurea. 

 Nik, besoak zabaldu lau haizetara harkaitz gainean eta kantari jarraituko dut, urrezko kaiolan aske direla uste duten txoriei begira.

1 comentario:

  1. txora(i)keriak egiten jarraitzen duten bitartean, hegan egitea tokatzen duk beraz...
    badakik, txikiak ginenean bezala;
    sasien gainetik eta lainoen azpitik

    ResponderEliminar