2010-09-22

Lehengo mendean eman ziguten ostatu (2010 - 09 - 19n idatzia)

Ikaragarria da hau. Magia Felix, magia! Minasetik kostaldera jeitsi, Brasilerako bidea hartu, La Palomatik pasa eta iritxi berria naiz Cabo Poloniora. 

Autobusak bide-gurutzean utzi nau; bizitzak ere hala nauka aspaldion. Lau bider lau (cuatroporcuatro Errezilen) erraldoi batek ekarri gaitu duna artean Cabo Poloniora, ordu-erdiko bidean. Herrira iristeko dagoen modu bakarra. "El equipo A-ko" kide sentitu naiz erremolke gainean.










Ez dago elektrizitaterik; etxe bakoitzak ura kudeatzeko modu propioa du; errepiderik ez, ezta serrailik ere ateetan; atlantikoa herriaren alde bietan; hondarra bakarrik; hondarra eta ni.

Ez dakit herriko haurrek eskolarik izango duten (defektu profesionala); herriko gazteak non bilduko diren kafea hartzeko; zaharrek non egingo duten kartetan eta dominoan. Ziurrenik ez zaie axolako. Mundua geratu egiten da hemen, eta ordulariaren orratzak ere bai. Zaharrak zahar jaio ziren, ez dira sekula zahartu. Umeak ume izan dira beti. Areazko ordularietatik haizeak eraman zituen hondar aleak banan-banan, dunak osatu arte.










Hemen ez dira Cristiano Ronaldo eta facebook bezalako hitzak existitzen. Ez dakite supermerkatuetako beherapenen berri. Ez dute zoriona auto markekin lotzen. Hemen ilargiari abesten diote gauero; eta gaur ilargi bete da.

Magia Felix, magia!

Ostatu eman ziguten
lehengo mendean
Eguzkia sartzen den
leku berean
Datozen egunsenti
denak daude han.

Jon Maia


No hay comentarios:

Publicar un comentario