2010-09-08

Candombe

Bitxia da ohiturak nola bihurtzen diren ohitura, eta nola eraldatzen diren denboran zehar, izaten duten bilakaera. Berrogeita hamar tanbor eta djembek soinu handia ateratzen dute, eta batera joz gero "candombea" osatzen dute Montevideon.

Afrikatik Uruguay-ra etorritako esklabuek eta beraien ondorengoek sortua omen da ohitura. Igandeetan geratzen hasi omen ziren tanborrak elkarrekin astintzeko, elkarrekin egoteko, festa egiteko. Egun, auzo bakoitzak bere "candombea" dauka, eta edozeinek har dezake parte. Igande goiz baterako alternatiba polita, mendira edo mezetara joan ordez. Larunbatean parranda egin eta zure lehio azpian egiten badute juntadizoa, putada bat.


Niri, Alegiko festak ekarri zizkidan gogora. Ostiraleko herri bazkariaren ondoren batukada bat ibili izan da kaleetan zehar. Eta batukadaren atzetik jendea dantzan, mozkor, burua galduta, gorputza astinduz, Lucifer berbera barruan balute bezela. Ezberdintasuna da mozkor festa bat dela gurea, eta hau berriz ekintza ia liturgiko bat.


Guk ikusi genuen "candombean" emakume bakarra ari zen tanborra jotzen. Dantzan hamar-hamabosten bat ari ziren, emakumeak denak. Badaezpada Montevideoko lagunei galdetu nien. Ez zekiten honen arrazoia. Izan liteke ohitura kontua; tradizioa; nahi duzuena. Badirudi tanborra jotzea oso maskulinoa dela, indarrez egin behar dena, serio, seguru. Dantzan irribarrez egin behar da, hanka-punttetan, gizonen erritmora, isilka. 

Uruguay-ko gizartearen isla ote?

No hay comentarios:

Publicar un comentario