2010-09-30

Eta egunsentiak deabruari eskutik heldu zion

Bada munduan leku bat egunsentiak deabruari eskutik heltzen diona: Punta del Diablo. Bi egun pasatzeko asmotan joan eta sei egin nituen; herri arrantzale txikia, hostel ona, jende zoragarria... Bi egunetan jarraian, goizeko 06:00n jeiki nintzen eguzkia itsasotik irteten ikusteko. Ordu hortan askotan ikusi nau eguzkiak kalean; lo eginda, hemen lehen aldiz.

Egunsentia.
Punta del Diablo. Hostela.










Kostatik Brasileko mugaraino iritxi, eta berriz Rio de la Plataruntz noa barnealdetik. Ondo bidean hiru-lau egun barru Argentinan izango naiz. Nabaritu dut diferentzia kostatik barnealderako pausoan. Kostan ohituta daude turistak eta bidaiariak ikusten, gu gara dolarrak. Barnealdean ez. Kamarera pixpirin batek galduta al nabilen galdetu dit; zalantza egin dut bera ikustera etorri naizela erantzun edo ez. Ez naiz atrebitu. Kobarde. Joan beharko du berriz kondoi kajak plastikoa ere kendu gabe bueltan.

Tacuarenbon nago, tangoaren aita, Carlos Gardel, jaio zen herrian. Gehiengoak uste duenaren aurka, Gardel ez baitzen argentinarra; uruguayarra zen. Poltsikuak aireak betetzen zizkiolako gurutzatu omen zuen Rio de la Plata, airea txanpon bihurtuko zen esperantzan. Hala sortuz zen tangoa. Eskerrak. Bestela "Doctor Deseok" ez zukeen corazón de tango tengo abesterik izango. Amona baten etxean igaro dut gaua. Afaritan galdeketa egin zidan: zer egiten dudan hemen, lana, ezkonduta al nagoen?!... Ahalik eta errezen eta xamurren erantzun nion, nire filosofadetan hasi gabe. 12:00n bazkaldu genuen, eta 19:00n afaldu. Hirietan eta kostan askoz beranduago jaten da. Bedaio gogorarazi zidan, edo Euskal Herriko baserritar giroko edozein herri. Nik uste eguzkiari egiten diotela jaramon, ez ordulariari. Eguzkiak eta ilargiak markatzen dute denbora, ez ordulariek. Ederra.

Orain arte Uruguay turistikoa ezagutu dut: mundutarra, jende jantzia, hostelak, dolarrak... Uruguay hau askoz ere mundu gutxiagokoa da, ruralagoa, naturalagoa, zikinagoa, gautxoagoa... Ez hobea edo txarragoa.

Juxtu Uruguay hau ere ezagutu nahi nuelako etorri naiz, pixpirin.


                     

                                                     

No hay comentarios:

Publicar un comentario