2011-01-27

Kuartelez eta petaloz

Goizeko 03:00n militarrez inguratuta egotea izugarrizko putada da, marroi baten atarian zauden seinale. Militarren kuartel batean gaua pasatzeaz pentsatze hutsak itolarria eragiten du; nire ameskaiztoenak ere ez dira urreratuko gerta dakizukeenera.

Ezagutzen ez duzun herri batean, goizeko 03:00n lotarako lekurik gabe egotea ere putada bat da.

Baina agian bi gauzak batera gertatzea ez. Badakizue, minus eta minus, plus. Herriko plazan haizea eta katuak besterik ez dauden ordu horretan militar batek esaten dizu Centro de Recreación bat daukatela hortxe, plazaren iskinan, eta apopiloak hartzen dituztela prezio onean. Beste aukerarik ez daukazunez onartu egiten duzu. 

Lehen gaua igarotzen da, bitxi. Zauden barrakoi modukoan soinu arraro batzuk entzuten dituzu, baina belarrietan tapoiak jarri, begiak fuerte itxi eta lo egiten duzu, porru eginda baitzaude. Jekitakoan ohartzen zara xagu batek mesanotxearen gainean zegoen gaztaren erdia jan dizula. Putakumea. Eguna soldadu, kabo eta koronel artean igarotzen duzu, honekin eta harekin hizketan. Gauean lotarako gela hobea ematen dizute. Hala ere, bada ezpada, afaritan geratzen zaizun gazta erdia jaten duzu. 


Hirugarren egunerako koronelarekin zigarroak trukatzen ari zara kuartelaren patioan, Beni ibaira begira. Koronelak berrogeita bosten bat urte izango ditu; gizon sendoa, burua urdintzen hasia, aurpegi borobila, pauso segurua. Pentsatzen duzu baietz, gizon horrek derrigor koronel izan behar zuela; ez arotz edo irakasle edo dendari. Ez. Koronel. Politikaz hitz egiten duzue, munduaz, Boliviaz, Euskal Herriaz, cocaz, drogez... eta tantatatxan!, koronelak berak esaten ez dizu ba nahi izanez gero herrian non aurki ditzakezun petaloak! Aibalaostia! Biba San Fermin!

Beni ibaiko arraia afaldu, koronelari kasu egin eta izarrak zuretzako argitu dira kuarteleko patioan, petalo baten kea zerurantza doala.    

No hay comentarios:

Publicar un comentario