2011-01-21

Lokatza puntu-erantzunean

Bidaiatzea inprobisatzea da, egunero inprobisatzea. Diferentzia da, bertsotan jakiten dugula zein izango den azken puntua, ahazten ez zaigunetan behintzat, eta bidaiatzen ez. Agian puntu-erantzutearekin dauka parekotasun gehiago; egun berriak goizero jartzen digu puntua eta guk ahal den bezala erantzuten diogu, nora iritxiko garen jakin gabe.



Herri batean geuden kasakriston galduta: San Ramón-en hain juxtu. Hirira, Trinidadera joan nahi genuen. Itxaron eta itxaron, zigarroak erre eta erre, bus guztiak beteta pasatzen ziren. Goizeko 01:00a zen dagoeneko; ordu txarra kalean egoteko tabernarik taberna errondan ez bazabiltza, eta are txarragoa Camel paketeari zigarro bakarra geratzen bazaio. Azken busa iritxi eta hura ere ipurtzuloraino beteta. <Kauendio, zer in behar diñau oain?> Txoferrari pena eman, gure bizitza kontatu eta hilkutxa zirudien autobusaren bodegan joaten utzi zigun, motxila, maleta, kaxa, erraminta eta hauts tartean, zortzi orduko bidean. Gustora beteko nuen fantasia sexuala egi...

Bero handia. Diot, Trinidaden, ez buseko bodegan. Hiri zatarra. Eta berriz Amazoniara ospa. 
Bidaia: Trinidad - Rurrenabaque. 
Distantzia: 317 km.
Irteera ordua: 09:00ak. 
Euria goian-behean; normala, euri sasoia baita Bolivian behe-lurretan. Bidearen hasieran ibaiak hazita eta ibaiak gurutzatzeko zubirik ez. Busa egurrezko bote handi batzuen gainean jarri eta hala gurutzatu genituen bizpahiru ibai. Eta txarrena pasa genuela uste genuenean hara!, lokatza. Busak eta kamioiak ez aurrera ez atzera, lohietan trabatuta. Erdian zintzilikarioa dugunok, zahar eta gazte, handi eta txiki (gorputzez, ez zintzilikarioz) belaunetaraino sartu eta busari bultzaka aritu ginen behin eta berriro. Puntu-erantzunaren erdian trabatuta dagoen bertsolaria ematen zuen gure busak.

Halakoren batean jo genuen helmuga; goizeko 03:00n heldu ginen Rurrenabaquera 317km egiteko 18 ordu behar izan eta gero. Tartean trabatuta ibiliagatik, iritxiak ginen bertsoaren 3.puntura. Lotarako lekua aurkitzea falta zen puntu-erantzuna txukun osatuta geratzeko...

No hay comentarios:

Publicar un comentario