2011-05-29

Mundu berria daramagu bihotzean

Mauriziak zioen bezala, hauxe da despedidea.

Haurdunaldi bat. Bederatzi hilabete. Denbora luzea neraman haurdun geratu nahian; ez zen ezusteko txortaldi bat izan, istripu baten ondorengo ernaltzea. Asko hausnartutako erabakia izan zen; kosta zitzaidan kondoirik gabe hastea larrutan, baina erabakia hartua zegoen. Mundu berria joan zait barnean ernaltzen egunez egun, eta iritxi da erditzeko garaia; denborak erakutsiko du nola kudeatuko dudan jaioko den hori. Gauza bat da ziurra: bizitza aldatuko didala. 

Beste bidaia bat hasiko da orain, ederra hau ere. Berriro horra itzultzea bai baita errespetua ematen duen zerbait: zeure burua aurkitu, zeure testuingurua, amets berriak, lagun zaharrak... Galdera asko eta erantzun gutxi. Baliteke hau irakurtzen duzuenerako ni hegazkinean joatea, edo Madrilen egotea. Agian zure buru gainean arrastoa uzten ari den hegazkin hori naiz ni. 

Asko izan zarete hilabete hauetan zehar jarraitu nauzuenak, aurreikusten nuena baino askoz gehiago. Makulu izan zaituztet bai bloga eta bai zuek. Batzutan izan dut gehiegi biluztu ote naizenaren irudipena, baina halakoak gara, zuri edo beltz, dena ala ezer ez. Askok eman diozue atsegin dut-ari facebook-en; idatzi didazuen hoiek, erantzun didazuenak, aurka egin didazuenok... Eskerrik zintzoenak bidelagun izan zaituztedan guztioi eta bakoitzari, bihotzez.

Ikusiko gara bertso saio edo kale ixkinaren batean, eta jarraituko dugu mundua konpontzen bilera amaigabe eta taberna-zulo ilunetan. Muxu bana, eta ez ahaztu Ruperrek diona. Zaindu maite duzun hori...  



2011-05-25

201. Zertzeladak III



“Benetako bidaia ez da bide berrien bila aritzea, begi berriz jabetzea baizik.”
-Denboraren bila ibili zen batek esana-

Zenbat jende dagoen 25 de Mayoko plazan. Gaur bete dira 201 urte Argentinak independentzia lortu zuenetik. Ez zaizkit gisa honetako jaiak gustatzen; begiratu axkar bat eman plazari eta kafetegi batetara sartu naiz "100 años de soledad" galtzarbean nuela. Zer ospatu baina gehiago zer borrokatu eta zer eskatu eta zer egin dagoela iruditzen zaidalako. Baina bidean goaz. Ahaztezina izan zen joan den igandea. Euskal Etxean ospatu genuen garaipena, gure garaipentxoa. Mekauendios!!!!!!!
Bitxia da orain zortzi hilabete zapaldu nituen kaleetan galtzea berriro; bohemioz eta alkoholikoz betetako taberna-zulo ilunetara itzultzea. Itxi da zikloa. Badator amaiera. Galtza zikin eta oinetako zulatuen heriotza. Etxeko sala. Nire komuna eta komuneko taza.
Benetan zara ederra, B.A. Faltan botako zaitut. Eta faltan bota zaitut.
Ederra izan da bederatzi hilabete igarotzea mugikorrik gabe; zalantzan nago Rio de La Platara bota harrika mobilla edo ze ostia egin. Baina badakit Madrilen hegazkinetik jeitsi orduko ezkerreko barrabilak berriro bizilaguna izango duela patrikan. 
Eta zer gehiago... Ah bai. Egun hauetakoren batean mozkortu egingo naiz. Asado bat egingo dugu. Matea hartuko dut. Eta ohartzerako azken aldiz sartuko naiz busean, Paraguayra joateko. A todo esto. Hasi naiz udararako txiste repertoria prestatzen. 
- Hola señor, soy paraguayo y vengo a pedirle la mano de su hija, para casarme con ella. 
- ¿Para qué? 
- Paraguayo.

 

2011-05-21

Txilenak. Zertzeladak II

Zergatik da futbola batzen gaituena, eta ez Euskaltel?

Nork egin ote zuen lehen txilena? Jendeak txilenak egiten jarraitzen du futbol zelaietatik kanpo, bizirauteko. Haurrak hankutsik dabiltza futbolean, lata huts bati joka. Kale ertzeko eskale bizar-luzea gaur ez da eskean ari. Poliziak eta bandaloak festan dabiltza elkarrekin. Berdin du. Gaur Bocak irabazi du.

Valparaisok izena ondo jarrita dauka, oso. Harribitxi bat Pazifikoan. Berlin gogorarazi dit, eskala txikian. Okupak jende ona dira. Bidaiatzeko batez ere; ohituta daude egunak egoten dutxatu gabe. Tipo ona Chapy hau. Australiarra. Txilek utzi didan azken oparia.

 








Ederra dago Aconcagua ilargi betearen argitan. Poliziak lau orduz potroak ikutzen aduanan. Beraienak eta guri. Lorik egin gabe itzuli naiz Argentinara. Mendozan Andeak eta ardoa. Bi egun. Córdoba. Estebanek eta Terek euren bihotzak eta etxea zabaldu dizkidate. Euskaldun sentitzen den argentinarra, Esteban hau. Bilbon urteak igaro zituen. Bihotz-taupadak badoaz goraka.

Haurra nintzela, Errege Eguna baina pare bat aste lehenago edo, amak egutegi moduko bat jartzen zidan sukaldeko arraskaren azpian. Gaua iristean X batekin markatzen nuen igaro berri zen eguna; X gabeko egunak kontatzen nituen gero, opariak jasotzeko zenbat lo egin behar nituen jakiteko. Hamabi egun daude X gabe nire bihotzeko egutegian; hamabi lo falta zaizkit nire oparia besarkatzeko.

2011-05-15

Ez esan berari, Eduardo

"Estuve en la Isla Negra, en la casa que es, que fue, de Pablo Neruda.

Estaba prohibida la entrada. Una empalizada de madera rodeaba la casa. Allí la gente había grabado sus mensajes al poeta. No habían dejado ni un pedacito de madera sin cubrir. Todos le hablaban como si estuviera vivo. Con lápices o puntas de clavos, cada cual había encontrado su manera de decirle; gracias.

Yo también encontré, sin palabras, mi manera. Y entré sin entrar. Y en silencio estuvimos, conversando vinos el poeta y yo, calladamente hablando de mares y amares y de alguna pócima infalible contra la calvicie. Compartimos unos camarones al pil-pil y un prodigioso pastel de jaibas y otras maravillas de esas que alegran el alma y la barriga, que son como él sabe, dos nombres de la misma cosa.

Varias veces alzamos nuestros vasos de buen vino, y un viento salado nos golpeaba la cara, y todo fue una ceremonia de maldición de la dictadura, aquella lanza negra clavada en su costado, aquel dolor de la gran puta, y todo fue también una ceremonia de celebración de la vida, bella y efímera como los altares de flores y los amores de paso."

"El libro de los abrazos" - Eduardo Galeano


Izan naiz ni ere Isla Negran, Eduardo. Ni joan naizenerako, ordea, egurrezko hesolarik ez zegoen; etxea zabal-zabalik zegoen eta barrura sartu naiz. Ordainduta.

Ez dut Pablorekin solasteko aukerarik izan; jendea zebilen harat honat, turistak, eskolako umeak, jubilatu frantzesak. Bestela, esango niokeen asko gustatu zaidala bere etxea. Bere poesia baina gehiago. Agian haserrealdiren bat ere izango nuen berarekin, kuriosoa baita komunista batek honelako etxetzar bat edukitzea; eta beste bi ere bai, bata Santiagon, bestea Valparaison.

Ba al dakizu, Eduardo, Pablo penaz hil zela? Penaz hil zen, bai, Pinochetek estatu golpea jo eta handik pare bat astera. Bere lagun Salvadorri deitu zion estatu golpearen aurretik, hemendik bertatik, presentimentu txar bat zeukala eta. Penaz hil zen bere lagun Salvadorrek bere buruaz beste egin zuelako; penaz, bere lagun asko atxilo eraman, torturatu eta hil zituztelako.

Ikusi dut Pablok bere lerrorik ederrenak idatzi zituen idaz-mahaia, Eduardo. Ikusi dut kozinatzen zuen sukaldea, lo egiten zuen ohea eta baita kaka egiten zuen komuna ere. Imajinatu dut Pablo mahaiean idazten, kozinatzen eta baita komuneko tazan jezarrita ere.

Ez berari esan, baina nik zu askoz gustokoago zaitut, Eduardo, eta laister besarkatuko dudan lagun batek ere bai, hala zaitu. Poesia kalean egiten baita; zuk bezala, adiskide Sabato, Bukowski eta Nicanor Parrak bezala. Poesia ez baita kokteletan diplomatikoekin idazten. Baina ez esan berari, ez zaio gustatuko eta. 

2011-05-10

De Lorean

Denbora luzean ahaztuko ez dudan eguna izan zen joan den osteguna. Izaten da egun mota bat goizetik gauzak ongi ateratzen hasten zaizkizuna. Ba horixe.

De Loreanetik inoiz egongo naizen gertuen egon nintzen ostegunean; agian askori izen horrek Zarauzko musika talde famatua ekarriko dio burura, baina niretzat De Lorean beti izango da Marty McFly iraganera eta etorkizunera eramaten zuen kotxe deportiboa. Latzak dira "Regreso al Futuro" pelikulak, hirurak. Kristonak. Nire haurtzaroko idoloa izan zen Marty McFly, Michael J. Foxek antzeztu zuen pertsonaia, Indiana Jonesekin batera. Anaiaren ondoan egoten nintzen aho-zabalik pelikulei begira, mukizu demonio, eta hala zaletu nintzen zinera.


Santiagoko Modaren Museoan dago De Loreana, McFlyen kazadorarekin batera. 80.hamarkadako objektu eta bitxikeriekin osatutako erakusketa interesgarria da, batez ere garai horretan jaio bai, baina garai hori bizi izan ez genuenontzat. Gauza bitxiak topa daitezke: Michael Jacksonen arropa, Terminatorren txupa eta Ladi Dik ezkontza aurreko preparatibotan erabili zuen soinekoa, besteak beste; bereziki hunkitu ninduen azken honek, batez ere bere semea ezkondu berri den honetan. 



Arratsean jakin genuen Konstituzionalaren erabakiaren berri, eta ustekabean harrapatu gintuen. Pausoa lurretik hamar zentimetro gorago genuela igaro genuen ilunabarra, euforiko. Beste aitzakia txikiren bat aski genuen festarako, eta mexikarrek festara gonbidatu gintuzten, Mexikoko Egun Nazionala zelako Maiatzaren 5a. Tekila edanez eta tertulian ospatu genituen Mexikoren independentzia eta gure independentzi nahia, aldian behin ándale cabrones oihu eginez, eta Euskal Herria lindo y querido, México lindo y querido, Méxiko lindo y querido... 

  

2011-05-04

Zabor kamioiak edo amildegia gauean

Auskalo zenbat ordu eman izango ditudan busetan hilabete hauetako ibileretan; gauez asko eta asko. Gauez bidaiatuta dirua eta denbora aurrezten dira, gau horretan busa izaten baita ostatu. Azken gau honetan bezala: iritxi berria naiz Txileko hiriburura, Santiagora, hamar orduko bidaiaren ondoren.

Berez naiz ni lo txarrekoa, eta autobusetan eta hosteletako gela konpartitutan muturreraino joaten zait gabezia. Hemengo zarata, hango zurrunka, lo ordu behar luketenak musikari eta irakurketari eskeintzen dizkiot, azkenean gorputza jarri egiten da-eta lo gutxirekin ibiltzen.

Inbiria ematen dit ohean etzan orduko ametsen mundura jauzi egiten duen jende klase horrek, inbiri alua. Bakarrik lo egiten duen horrentzat bestela ere nahiko handi baden ohe bikoitza handiagotu egiten da lo hartu ezinean, gauaren amildegian. Kafea eta tabakoa dira onak lotarako; eta guk besterik igoal ez, baina bizioa?!, badegula bizioa, aixkide.

Hori bai, emankorren ere gauaren isiltasunean naiz: idazteko, gaiak pentsatzeko, irakurtzeko, meditatzeko...edozertarako. Herriak lo hartzen duenean bihar jeiki eta erruletari jaten emateko, produkzioak, diruak eta garapenak etenik izan ez dezan, orduantxe hasten da eguna zabor kamioientzat eta niretzat. Edo kamioientzat eta nire zaborrarentzat. Ordu txikitan balkoira atera, herriari azken begiratua eman eta eguerdirarte ohean geratzea bezalakorik ez dago, jendea lanera doan bitartean.


Berandu oheratzeko beste pisuzko arrazoi bat parranda da, noski. Baina oheratzean asko kostatzen zait loa berdintzea eta deskansatzea, batez ere herriko festak edo Inauteriak direnean. Festan zabiltzala ederki pasatzen dituzu hiru-lau egun; gorputzari suministroa moztean hasten dira komeriak. Begiak itxi eta aurpegiak eta musika eta txarangak eta irudiak nahasten dira kalejira amaigabean; momentu horretan egiten diozu zin zeure buruari hurrengo urtean herritik alde egingo duzula.

2011-04-30

Egunak izerdi usaiez igarotzen genitueneko melankoliaz

Ez genion galdera gehiago egin.

Goizean, Txilerantza abiatu aurretik gu despeditzera etorri da Alberto; kafea hartu dugu eta azken kontu saioa eta zigarro trukea egin. Penaz agurtu dugu adiskidea. Peruk utzi digun azken adiskidea.

Peru eta Txile arteko mugan poliziek baratxuriak, bi tipula eta platanoak konfiskatu dizkigute; poltsa bete coca hosto ez. Jendea baratxuria janda kolokatuko da Txilen...

Sua eskatzera etorri zaigu Alberto, poliziek gure maletak miatzen dituzten bitarten. Patuaren bitxikeriak. Alberto bat agurtu orduko beste bat ezagutu dugu. Pertsonajea hau ere. Peruarra hau ere. Iheslaria. Eta hirurogeita hamarren bat urte. Patua. Azalpen soziopolitikotan aurrekoan baina gehiago luzatu gara, baina ez sobera. Txilera iritxi orduko lagun baten ostatura eraman gaitu, eta afaltzera ondoren. Hogeita hamar urte baina gehiago daramatza Txilen; asko lagundu digu. Txilek utzi digun lehen adiskidea.

Bolivian eta Perun ia urte erdia igarota, arraroa izan da geure buruak Txilen ikustea. Itzuli gara errepide asfaltatuetara; ura iturritik edaten dugu eta ia egunero ur beroarekin dutxatzen gara. Badaude zentro komertzialak eta zinemak. Badago Barca - Real Madrid. Aurrerabidean doan herria. Gure atzera kontaketa hastearekin bat pauso bat atzera eman dugunaren sentsazioa dugu, ordea. Mundu eder bat eskuartetik kendu digutenarena, nola haurrari goxokia ahotik. Inzibilizaziora itzultzearena, egunak izerdi usaiez pasatzen genitueneko melankoliaz.

2011-04-26

Alberto

Alberto zuen izena, eta tipo ona zen. Hasieratik hartu genion halako aire misteriotsu bat, nobeletako pertsonaia baten traza. Denborak erakutsi zigun baietz, pertsona eta pertsonaia zela.

Gaua busean igarota, nekatuta iritxi ginen Peruko azken herrira, Tacnara. Motxila handiak bizkarrean, kalez-kale ibili ginen ostatu merkeenaren bila, ohi bezala. Eta ohi bezala, ostatu zahar eta kutreenera sartu ginen. Han zegoen bera sofan jezarrita, zigarroa ahoan. Eta ohi bezala, hasi ginen "Euskaldunak Munduan" bataiatu dugun azalpen soziopolitikoa ematen, zigarroa ahoan. Baina ohi ez bezala, pare bat kalada nahikoa izan ziren Albertok Euskal Herriari buruz asko zekiela konturatzeko. Elkarrizketa gehiegi luzatu gabe logelara erretiratu ginen, behingoz deskansatzera.

Gorputzaren behar fisiologiko gehientsuenak aseta, eskaileran behera gentozen kontu-kontari. Setazko zapi gorria lepoan, bibote eta perilla, lisatutako koloredun kamisa galtzen kanpotik zuela, han zegoen Alberto, zigarroa eskuan, beste mundu eta garai bateko dandya bailitzan. Ez genuen hitz askoren beharrik izan gertuko taberna batera trago bat hartzera joateko. Eta bi. Eta hiru. Kontalari ona zen Alberto; gure jakinminak eta ardoak lagunduta, azkar jakin genuen urte askoan Parisen bizi izan zela, Peruko diktadurari ihesi; han hasi ginen ulertzen setazko zapi gorria eta misteriotsu aire hura...

Eta lau eta bost nahikoa izan ziren Amerika Latinari, Euskal Herriari, nazio txikiei, sozialismoari eta existentziari hautsak kentzeko. Gaiztakeriaren bat egin duen haurraren begiratua zeukan, esaten duena baina gehiago dakienaren irri hasiera. Tabako gabe geratu ginenean erabaki genuen hostelera itzultzea; han bizi zen Alberto hirurogeita piko urterekin, berak zioen gisan existentzia ahalik eta modu xamurrenean eraman nahian, kolorea aspaldi galdu zuten horma xahar haien artean, bakarrik, esperando bere hitzetan.

Ez genion galdera gehiago egin.

2011-04-22

Desertua

"Hautazko desertua da
ez badago ur beharrik..."

Unai Iturriaga - Gu ta Gutarrak










Desertua da orbaindu ez den zauri bat; dei baten zain mugikorra eskuan duzula egotea, gauez.

Desertua da lagunarte bat inork zu kontuan hartzen ez zaituena; esan behar ez zenuen esaldi bat; jo behar ez zenuen larrualdi bat; taberna bat bakalloa ozenegi jarrita; bakalloa jarrita.

Basamortua da ama bat kartzelara bidean; amaierarik antzematen ez zaion errepide bat; ama bat kartzelatik bueltan.

NI-eko atasko batean tabakorik ez edukitzea da desertua; haginetako min bat; Errege Gauaren esperoan egotea, haur batentzat; zure gauaren esperoan egotea, niretzat.

Abenduko egun euritsu puta bat; esatera ausartu ez zinen esaldi hura, maite zaitut bat akaso.  

Desertua da sekula amaitzen ez den gezur bat; inoiz hasten ez den egia bat.

Eta oasi bat etorkizunean. Atacamako hau bezala.

2011-04-18

Balerionea

Ezagutu genuen guk Alegin lehengo munduko toki ikaragarri bat, lehengo munduaren azken aztarna: Balerionea. Bi motibok itxi zuten bodega ilun eta misteriotsu hura: Kalegora peatonalizatzeak, eta zaharren ultzerek.

Han elkartzen ziren herriko ardozaleak egunero, ardoa edan, gazta zaharra jan eta kontuak esateko, hurrenkera horretan. Ni, haurra nintzela, garrafoia hartu bizikletan eta han sartzen nintzen ardo ozpindu usaia herri guztira zabaltzen zuen zulo hartara. Begiak zabal-zabalik begiratzen nien zurrutero eta moxkorrei, eta harriduraz entzuten nituen kontu eta istorio zaharrak. Gerora ulertu nuen han zegoela benetako mundua eta jakintza; han zebiltzala airean munduaren Egiak eta Gezurrak. Oraindik ere, handik igarotzen naizenean, ardo ozpindu usaia nabaritzen dut airean, lehengo mendeko haize bolada batek ekarri bailuen...  

Ni ere banaiz tipo bat zurruteroa, dezente. Normala da aurrekari hoiekin; gustatzen zait erronda eta parranda, kantua eta bertsoa. Putada da, bastantekoa, bai Bolivian eta bai Perun jendeak eserita edaten duela. Eta niri edatea asko gustatzen zait, eta asko edatea ere bai, baina zutik. Eserita bazaude zure albokoekin eta parekoarekin hitz egiten duzu, harremana lineala da. Zutik gauzak nahasi egiten dira: hara eta hona zabiltza, honekin eta harekin hitz egiten duzu... Handiagoa da interakzioa.



Orain gutxi, eserita eta zutik, bietara edan genuen "Vista Alegre" ardotegian. Hainbeste denbora edan gabe egonda, ahaztua genuen ardoa burura igotzen dela. Eta ederki pasa genuen: reserva bat eskuan, Balerionearekin oroitu nintzen (ez bertako ardoarekin), Zarautzen Vista Alegren bizi diren lagun-minekin eta ttikiarekin, kuadrillakoekin eta zuek guztiokin orohar.

Topa, gure alde!



 

2011-04-12

Urrezko kaiola

Behin, askotan bezala parrandan genbiltzala, oso arraroa naizela esan zidan neska batek: joera bereziak omen ditut, eta gauza arraroak gustatzen omen zaizkit.

 Inoiz esan didaten lorerik politena izan zen.

Dirua eta itxurakeria nagusi diren mendebaldeko gizartean, arraro deitzen diote igande arratsean futbola ikusten ez duenari, autoak eta abiadura atsegin ez dituenari, urteetan galtza bakero berriak erosi ez dituenari.

Ia erotzat hartzen dute bakardadea atsegin duena, eta bakarrik mozkortzen dena ez dago ondo burutik.

Agian, ez dira ohartzen normala inperialismoak asmatutako adjektiboa dela; ez dakite normala denak ez duela askatasun pertsonalik; zoriona asteburuan eta hamabost eguneko oporraldian neurtzen duen gizaki askez osatutako herria, gurea. 

 Nik, besoak zabaldu lau haizetara harkaitz gainean eta kantari jarraituko dut, urrezko kaiolan aske direla uste duten txoriei begira.

2011-04-08

Ley Seca

Estatu Batuetan Ley Seca ezarri zutenean, alkoholiko kopurua inoizko altuena izan omen zen. Gure egunotan beste hainbeste gertatzen da ilegalak diren drogekin; kontsumoa goraka doa etengabe. Eta ez naiz datu ofizialez ari. Ostiralez eta komunez ari naiz. Gizakiak berezkoa baitu ilegalak diren gauzetarako joera.

Atzo jendeak izugarrizko ximaurrak harrapatu zituen Perun. Hauteskunde Orokorrak dira igandean, eta 48 ordu lehenagotik Ley Seca dago ezarrita. Gizarte zurruteroa izaki Perukoa, 48 orduko abstinentzia izugarria da; atzo majo kargatu zituzten gurdiak egun gogor hauei aurre egiteko.

Kuriosoa izan da hauteskunde kanpaina mendebaldarron begietarako. Edo begiradarako. Bost hautagai nagusi daude, kolore guztietakoak. Peruren etorkizuna dago jokoan, eta badirudi Ollanta Humala ezkertiarrak lor dezakeela boterera iristea. Hala, Amerika Latinak beste kolpe bat joko luke mahai gainean, Nicaragua, Venezuela eta Boliviaren ostean. Geratu izenarekin: Ollanta Humala.

Gurean ere hauteskunde urtea dugu aurtengoa. Urak nahasita daudela ematen du hemendik begiratuta, azken urte luze hauetan bezala. Baina agian behingoz indarrak Bildu eta mahai gaina kolpatzeko unean gaude gu ere. Hala, ohartu nahi duenik bada ohartuko da kontsumoa gora doala eta gizakiak berezkoa duela ilegalak diren gauzetarako joera.   

2011-04-04

Pisco

Bi gauzengatik da famatua Pisco: 2007an Perun izan zen lurrikararen epizentroa izan zelako, eta bertan egiten diren ardo eta mahats aguardienteengatik.

2007an 8 graduko lurrikara bortitz batek astindu zuen Pisco, herriaren %80a guztiz birrinduta utziz. Ehundaka lagunek galdu zuten bizia; gehienek elizan zeudela mezetan. Gogoan dut lurrikara izan eta gutxira Maialeni gaia jarri niola Peru eta lurrikararen inguruan. Nork esan orduan niri handik lau urtera nire begiz ikusiko nituenik etxe birrinduak eta mamuek harturiko kaleak; nola pentsatu irudia ipiniko nienik Maialenen hitz haiei...

Orduz geroztik herri tristea da Pisco; orduz geroztik ere bai behintzat. Usaindu egiten da tristezia eta miseria kaleetan. Hosteleko nagusiak, Ronaldo brasildarrak, herri arriskutsua ere badela esan digu; kontuz ibiltzeko kaleetan, gauez batez ere. Diru gutxi dagoela herrian eta azkenaldian ugaritu egin direla turistei bortxaz eginiko lapurretak. 

Kontuz ibilita baina ezagutu dugu herria eta bertako jendea. Jabetu gara gizakiaren txikitasunaz eta  Ama Lurraren, Pachamamaren botereaz. Hitz egin dugu maitasunaz eta heriotzaz. Minaz eta bizitzaz. Eta ia oharkabean errepideak hegorantza garamatza...


2011-03-31

Zanganeoan

Gauza ederra da potrozgora etzanda egotea; lasai, kezkarik gabe, ezer pentsatu gabe, out. Egote hutsaren plazeragatik soilik, sekula potrozgora egon ez denak ez daki zer den bizitza; gutxienez ez daki bizitzen.


Zanganeoan igaro ditugu hiruzpalau egun: lo egin eguerdirarte, Pazifikoak orkatilak zipriztintzen dizkigula hondartzan paseatu, irakurri, jan... Garagardo frexko-frexko batekin eta purutxo batekin egunari ilunabar izena hartzen laguntzea bezalako plazer gutxi da munduan. Ondoren horri arrain arrantzatu berria parrillan, abesti zaharrak eta arrantzale are zaharragoen kontuak erantsiz gero, zuek esango didazue zer egiten duzuen fabrikan lanean.

Udazken haserako eguzkiaren goxotasunak ematen duen sosegu horrekin, erabaki dut handitan Kontenplalaria izango naizela, maiuskulaz. Bizitza kontenplatuko dut; noski, maiuskulaz Bizitza ere. Paseo luzeak emango ditut masustak janez bide alboko sasitik; ilobak denik eta ardorik onenera gonbidatuko ditut tabernan; habanoak erreko ditut bata bestearen atzetik, eztarria urratu arte; Adolfo Aristarainen filmak ikusiz joango zaizkit arratsak; eta bakardadeak estuegi hartzen nauenean, larrua joko dizut; gaur goxo, basati bihar. 

Bitartean, jolasean jarraitu nahi nuke bizitzarekin. Bizitza jolasa dela erakutsi baitidate bidaiek eta biajeek, eta ez jokoa.